GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Heriotzaz

Txillardegi hil da. Heriotzak badu zerbait groteskoa. Hildakoa imajinatzen duzu mantapean telebistari begira, hilurren daudenen keinu joanarekin, eta gero azken arnasa, eta bere gorpu pisua, maneiatzeko zaila eta aparatosoa. «Hala behar du», diozu zure artean. Denok izango gara hilotz. Baina derrigorrezkotasun horrek ez du indignidadearen zaporea gozatzen. Zergatik pasa behar dugu heriotzaren trantzetik? Desager gaitezen hil gabe, itsasoan misterioski desagertzen diren ontzi zaharren gisara. Poetak esango du: joan zen, lanbropean betiko. Eta hortxe amaituko da komedia txarra den bizitza. Ze bizi gaitezke nahi dugun grina guztiz, eman diezaiokegu geure denbora besteei, besteen alde. Izan gaitezke fundatzaile, aitzindari. Baina heriotzaren aurreko pausoak beti izango dira dardaratiak eta zitalki humanoak, hain gorpuaren amaierari lotuak, hain fisiologikoak: Zergatik? Zertarako? Norbait hiltzen denean, gauza positiboak bilatzen saiatzen gara. Esaten dugu bere itzala guretzako aterpe izango dela. Izango dela gida, itsas argi. Baina heriotza akabera da, gaitz guztien paradigma terribleena. Txillardegiren ile zuri-grisak datozkit akordura, ez dakit zergatik. Irudimenaren eta bihozkada guztien apetak dira: ematen digute irudi bat edo beste, haiek erremediatzeko aukerarik utzi gabe. Bere eskua ikus dezaket, ileak orrazteko zeukan keinu horrekin, atzeraka eginez. Noblezia ikusgarria zeukan, keinu hura bere gabardinarekin eta bere betaurreko beltzekin egiten zuenean, ematen zuen Salvador Allende, ematen zuen Gabriel Aresti edo Rodolfo Walsh. Baina orain hilik da. «Hala behar du», errepikatzen dut neure artean, baina horrek ez dit konsolamendurik ekartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo