Luma sareko haurtzaindegi euskaldunak zabaltzen ari dira Ipar Euskal Herrian
Oraingoz bi dira Luma sareko haurtzaindegiak, bata Baionan eta bestea Ziburun. Hurrengo urteotan Ziburukoa handitu egingo da, eta are garrantzitsuagoa, beste haurtzaindegi bat irekiko dute Hendaian. Dirua biltzeko, «Imanol kantatuz» kontzertua izango da larunbatean.
Idoia ERASO | BAIONA
Hiru urtera arteko zerbitzu euskalduna eskaintzen duten Luma haurtzaindegiak zabaltzen ari dira Lapurdin. Egitasmo hauek jasan beharreko zama ekonomikoari aurre egiteko, "Imanol kantatuz" ikuskizunaren azken emanaldia eskainiko dute larunbatean, Baionako antzokian.
Urtero bi emanaldi antolatzen ditu Lumak dirua biltzeko. Aurtengo lehena Baionan izanen da eta Ipar Euskal Herriko berrogei artista bilduko ditu kantariari omenaldia eginez. «Imanol pertsona ezaguna zen euskararen alde zuen engaiamenduarengatik, guk egiten dugun lanaren alde ari zen bera ere», azaldu zuen Dominika Ortuñok, Luma haurtzaindegietako zuzendariak. Halako emanaldien garrantzia nabarmendu zuen: «Proiektu berriak baditugu eta horiek gauzatzeko jende anitz etortzea behar dugu».
Ziburuko haurtzaindegian lan egiten duen Haizbea Goienesek haurtzaindegiak egiten duen lana nabarmendu zuen: «Gurekin egoten diren haur kasik denak gero ikastolara joaten dira, eta horrek garrantzia badu, gero haur horiek euskaraz mintzatzen segitzen dutelako». Jakin behar da haurtzaindegietan den toki eskasiagatik, batzuetan euskarazko zerbitzua aukeratzen dela, eta hala, aurreikusia ez zuten hezkuntza euskaldunari bidea irekitzen diete gurasoek.
Haurtzaindegia Hendaian
«Lumak lur bat atzeman du, baina orain laguntza behar dugu eraikina egiteko. Oraindik ez dakigu zer eta nola, baina haurtzaindegia eginen dugu», hitzeman zuen Dominika Ortuñok.
«Bi urte beharko direla erran digute, lehenik frantsesezkoa bada, eta abantzu egina da. Gure proiekturako itxaron-zerrenda handia dugu jadaneko, baina lekua da problema», azaldu zuen Lumako zuzendariak.
Luma Hendaiako Herriko Etxearekin negoziatzen ari da, ahalik eta lasterren ireki ahal izateko. Izan ere, Estatu frantseseko legediak herrian eskaintzen diren zero eta hiru urte arteko haurrentzako tokien portzentaje bat frantsesez izatera behartzen du, eta Luma egun Hendaian irekiko balitz legea ez litzateke beteko, eta frantsesezko haurtzaindegia ireki arte itxaroten ari dira horregatik.
«Lege hori ez da normala, baina pentsa zer irabazi dugun. Euskararen Erakunde Publikoarekin urrats bat egin dugu hortan. Orain herriko etxeek gehiago nahi dute euskaraz ezarri lehen hezkuntza, edo bederen elebidunean», azaldu zuen Ortuñok. EEPk haurtzaindegientzako ziurtagiri bat atera du eta euskarazko zerbitzuen gaineko konfiantza handitu egin da.
Ziburukoa handitzea
Egun Ziburuko Luma haurtzaindegiaren egoitza lehen hezkuntzako eskolarekin batera dago. Espazio horretan "Haur gune" bat egitea deliberatu du Herriko Etxeak. Berregituratu egingo da eta bertan haurtzaindegi frantsesa ere integratuko dute.
Dominika Ortuñoren arabera, berri onak dira horiek: «Hiru leku gehiago eskatuko ditugu, horrela egunero hamabost haur hartu ahal izateko. Gainera haurtzaindegi frantsesarekin beharbada elkarlan bat eramaten ahalko dugu». Elkarlan hori, maila batean, bertako langileen euskalduntzean oinarrituko da. Elkarlan horren baitan asteazkenetan itxita egoten den Luman haur batzuk hartzeko aukera izatea aurreikusten du Ortuñok.
Egitasmoaren gidaritza batzordea lehen aldiz elkartu zen aurreko astean. Taldearen lanak udazkenera arte luzatuko dira, eta ondoren lanetarako urtebete beharko dela kalkulatu dute.
Padres y madres de Alde Zaharra de Iruñea se concentraron ayer ante la sede del Parlamento navarro junto a las silletas que emplean para transportar a sus hijos, con el objetivo de reclamar que se pongan en marcha una escuela infantil en euskara en este barrio de la capital navarra.
Actualmente, no existe ningún centro infantil público en euskara en Alde Zaharra, a pesar de que la demanda de esta dotación es muy elevada. Ante esta situación, los padres se ven obligados a optar entre enviar a sus hijos a centros en castellano en el mismo barrio o a otros situados en otras zonas de Iruñerria para poder ser escolarizados en euskara. GARA
Lumak haurtzaindegi berria eraikitzeko lurra du Hendaian. Baina frantses legediak dioenez, hiru urtera arteko hezkuntzako plaza kopuruaren ehuneko bat frantsesez izan behar da, eta orain irekiz gero, portzentaje hori ez litzateke beteko.
Euskararen Erakunde Publikoak sortu duen haurtzaindegien ziurtagiriari esker, sinesgarritasun instituzionala handitu da eta zaintza euskaraz egiteko egitasmoak ugaritzen ari dira.