Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren erosketak
2001n Durangoko Azokaren araudia betetzen zuten 63 disko aurkeztu zituzten diskoetxe, elkarte eta bestelako ekimenek. Baina 2011n Azokan aurkeztutakoaz gain, beste hainbat disko ere argitaratu zen. Euskal Herriko musika taldeen 300 diskotik gora kaleratu ziren 2011n. Bertoko ohiko diskoetxeen babesean 80 disko inguru. Beste talde batzuek Euskal Herritik kanpo bilatu dute aterpea diskoa kaleratzeko orduan, adibiderik adierazgarrienak -taldeon ospea dela medio- Berri Txarrak eta Soziedad Alkoholika dira.
Diskoen autoedizio eta autokudeaketaren bidea musika talde kopuru handienak hartu du, bi herenak baino gehiagok. Disko salmentek behera egin badute ere, edizioak gora egin du azken bost urteetan. 2006an kaleratu ziren 2011n baino disko gehiago. CDaren hasierako urteak igaro eta kopiaketa digitalaren erraztasunak gizarteratu zirenean, maketek disko maila hartu zuten. Autoekoizpena eta autokudeaketaren eztanda bortitzagoa izan zen eta diskoetxe arrunten adorea beheraka zetorren arrapaladan. 2011n ateratako 300 diskotik gorako horien salmenta nola egin daiteke erosketak urtetik urtera agortuz badoaz? Eskaintza eta eskaria ez datoz bat, baina diskoen kopuruak segitzen du gora egiten. Durangoko Azokako egunetan diskoetxeek urteko disko salmentaren %35 egin ohi dute.
Eta beste diskoen erosketak non gertatzen dira? Orain, lehen baino gehiago gainera, salmentaren autokudeaketa kuraia bizian dago. Talde xumeen disko salmentak eurek eragindakoak dira hein handi batean, dendetan ez baita ia ezer mugitzen. Ezohiko salmenta bideak badira eta hurrengoan jorratuko ditugu.