GARA > Idatzia > Kultura

Gasteizko euskaltzaleek Guridi zinemetan izango dute Antzokia

Aspalditik mahai gainean geldirik zegoen proiektua gauzatzeko lehenengo pausoa eman du Gasteizko Udalak. Javier Maroto alkateak hiru milioi euro bideratuko ditu San Prudentzio kalean dagoen Guridi zinema aretoa Kafe Antzoki bihurtzeko egokitzapen lanetarako.

p048_f01_97x160.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Euskal Herriko hainbat txokotan daukaten moduko Kafe Antzokia izateko bidean da Gasteiz, bertako euskalgintzak aspaldidanik duen eskaerari erantzuna emateko lehenengo urratsa eman baitu Udalak. Javier Maroto alkateak iragarri duenez, Guridi zinemetan egokitzapen lanak egiteko hiru milioi euro bideratuko ditu -750.000 euro aurtengo aurrekontuetan eta gainerakoa 2013rako- eta diru hori inbertsioei edo azpiegiturei zuzendutako aurrekontu lerrotik aterako da. Modu honetan, albo batera geratu da euskara eta euskalgintza ardatz izango duen Gasteiz Antzokia Banco de Españaren eraikinean edo Montehermoson egiteko aukera.

Eraikina pribatua da eta zinemak ixtekotan dira errentagarritasun faltagatik. Udalak argi utzi zuen ez duela erosiko eta alokairuaren aldeko apustua egingo duela. Dirua, beraz, egokitzapen lanetara zuzenduko da, baina ondoren, kudeatzaileek Udalarekin diru menpekotasunik ez izatea da asmoa.

Tokia erabakita, kudeaketa sistema zehaztu beharko da orain. Atzo Bilduko udal taldekoek adierazi zutenez, «benetako protagonista euskalgintzak izan behar du, Gasteizko euskalgintzak, euskara elkarteek eta euskaraz funtzionatzen duten kultur eragileek. Horiek animatu nahi ditugu eta beraiek zuzendu behar dute proiektu hau», azaldu zuen Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak. Atzo bertan Bilduk bilera publikoa egin zuen euskaltzaleekin proiektuari buruzko azalpenak eman eta aldi berean iritziak jasotzeko.

Beren ustetan egokiena kudeaketa partekatu bat litzateke, «Antzokiaren aldeko plataforma bat sortu, horren alde egin nahi duten euskara elkarteek parte hartuz eta interesa duten norbanakoei ere lekua utziz», esan zuen Fernandez de Pinedok. «Egokitzapena Udalak egingo du, diru bat dago horretarako, baina kudeaketa beste talde batek hartu beharko du, betiere Udalaren kontrol edo ikuskapenarekin».

Gaineratu zuenez, «denon artean» egin beharreko proiektu bat da, «ez da ezer partidista, eta nahiko genuke talde politiko guztiek babestea proiektu hau. Baina protagonismoa eta gerora ere ulertzen dugu kudeaketa konpartitua bultzatu behar dela eta hor ardatza euskalgintzak izan behar du».

Alde Zaharretik irten

Guridi zinemak Gasteizko San Prudentzio kalean daude, erdialdean, Alde Zaharretik oso gertu baina handik kanpora. Kokapen honi oso positibo deritzo Gasteizko Bilduk. Izan ere, «beti lotzen da Alde Zaharra eta euskara eta badirudi beste inon ez duela lekurik». Horrenbestez, «euskara hortik ateratzea eta erdialdera zabaltzea» ekarriko duela adierazi zuten.

Gasteiz Antzokiak euskararen eta euskal kulturaren topagunea izan nahi du. Bilduko bozeramaileak luzatutako datuen arabera, Gasteizen 50.000 euskaldun inguru bizi dira, hau da, lau gasteiztarretik bat euskalduna da, eta beste laurden batek neurri batean edo bestean badaki edo ulertzen du euskara. Erabileraren datuak ez dira hain positiboak, ordea: «Ikusten dugu erabilera nahiko apal mantentzen dela, %4ren inguruan, eta dudarik gabe, egiten dugun irakurketa da hori bultzatzeko euskarak behar duela leku hegemoniko bat, funtzio sinbolikoa eta praktikoa beteko dituena».

Alde Zaharretik kanpora egoteaz gain, Guridi zinemek ingurune egokia dutela uste du Fernandez de Pinedok. «Kalea erreferentzia kultural bat da Gasteizen. Printzipal antzokia bertan dago, liburu denda handi bat dago ondoan, Guridi ere garai batean antzoki bat izan zen...».

ALOKAIRUAN

Hiru milioi euroko zenbatekoa eraikina egokitzeko lanetarako erabiliko du Udalak. Ondoren, kudeatzeko modua adostu beharko da. Euskalgintzak plataforma bat sortzea da asmoa, eta hauek Udalarekin menpekotasun ekonomikorik ez izatea.

Bilduk ezetza emango die Marotoren aurrekontuei

Javier Marotok onartutako aurrekontu lerroa Gasteizko Udalean Bilduk eta PPk hainbat proiekturen harira izandako adostasunak ekarritako nolabaiteko konpentsazio edo ordainsaria izan dela iradoki zuten atzo zenbait hedabidek. Bilduk argi utzi nahi izan zuen, ordea, ez dagoela ados irakurketa horrekin eta PPk proposatu dituen aurrekontuei ezezkoa emateko asmoa duela. «Orain arte bat etorri gara erabaki pare batean: BAIC proiektuan eta Arriagako geltokiarenean. Horrela izan da ados geundelako eta programan ere hori esaten genuelako», azaldu zuen Fernandez de Pinedok. «Aurrekontu hauek guretzat onartezinak dira eta ez ditugu babestuko. Gauza ezberdinak dira. Borroka politikotik kanpo egon behar duen kontu bat da, eta udal osoko bilkura batean talde guztiak ados egon ginen. Guk proiektu hau babesten dugu sinesten dugulako eta ez dago inongo itunik, hori garbi utzi nahi dugu».

Proiektuari dagokionez, EAJk Banco de Españaren eraikina defendituz jarraitu zuen, eta PSEk Marotori eskatu zion ziurta dezala adostutakoa ez dela izango «pelotazo inmobiliario» bat . A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo