GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gezurra dirudi balkoi batean zenbat jende sar gaitezkeen!»

p018_f06.jpg

Amaia eta Nagore Sexmilo
Konstituzio plazako bizilagunak

Donostiako Konstituzio plazako ikuspegia ederra da bertako balkoietatik. Bertako bi ahizpek, hain zuzen, gaur gauean aterako diote espazio horri urte osoan ateratzen dioten etekinik handiena.

Bizi zareten lekuan bizita, jendeak esaten al dizue pribilegiatuak zaretela?

Gure ingurukoek hori pentsatuko dute beharbada. Izan ere, ezin ditugu nahi ditugun guztiak gonbidatu; eta etorri ezin dutenek, eta badakitenek bertan gaudela, ikusiko dute agian leku pribilegiatu bat bezala. Ezagutzen ez gaituztenek, bestalde, ez dakit zer pentsatuko ote duten, baina jende askok pribilegio berbera sentitu dezake plazatik bertatik bizitzeagatik. 

Nondik gogoratzen dituzue banderaren igoera eta jaitsiera gehiago?

Nire kasuan –dio Amaiak–, igoera beti etxetik, ez dut sekula plazatik ikusi. Jaitsiera, berriz, kaletik; 20ko arratsaldean kuadrilla Kresalako danborradan ateratzen gara eta jarraian festan geratzen gara.

Familian eztabaidatzen al duzue afaria non egingo duzuen?

Ez, ez! Urtero bertan elkartzen gara familia, hamar bat inguru. Hala ere, festa 23.15etik aurrera hasten da gurean. Kanpoan afaldu eta gero, familiako beste senide batzuk eta lagunak gurera etortzen dira; cava botilak ireki eta festa hasten da. Guztira hogei lagun baino gehiago  bil gaitezke.

Lagunak gonbidatzearena ez da lan makala izango…

Etxeko araua gutxi gorabehera honakoa da: lau balkoi ditugu, eta horietatik bi eta erdi familiarentzat dira, gainerako espazioa lagunentzat. Hor nahi adina sartzeko baimena dugu, berrogeita hamar badira ere, berrogeita hamar. «Zuek ikusi» esaten digute gurasoek. Orokorrean berdinak etortzen dira, baina gezurra dirudi balkoi batean zenbat pertsona sar gaitezkeen!

Ba al dago gonbidapena eskertu, baina plazatik ikustea nahiago duenik?

Egia esan ez zaigu tokatu, baina ziurrenik egongo da behean saltoka ibiltzea nahiago duenik.

Zeintzuk izan daitezke hor balkoi bat edukitzearen abantailak eta desabantailak?

Abantailak izan daitezke banderaren igoera, baita jaitsiera ere, giro berdinean bizi daitezkeela festan murgilduta zaudelako, eta gainera lasaiago, jendetzak sortzen duen bultzada edo estutasunik gabe. Festa gustuko baduzu berdin-berdin biziko duzu eta ikuspuntua hobea da. Eta desabantailak gerokoak dira, egunean zehar hamaika danborrada pasatzen direlako etxe azpitik… gu ohituta gaude, baina osaba-izebak edo lehengusuak lotan gelditu direnean, haiek bai sumatzen dute gaueko soinua. «Zer da hau?», esaten digute. Ohituta ez bazaude zaila da esnatu gabe lasai lo egitea.

Eta aurten, tradizio hori aldatzeko asmorik?

Ez, oraingoz behintzat ez! Etxeko giroan egitea oso gustukoa dugu. Gainera, banderaren jaitsierarekin kalea probatzen dugunez, ez dugu falta hori sentitzen.

Zerrenda “itxita” al dago jada?

Itxi ez da inoiz ixten, gainera, gutxi gorabehera antzekoak izaten gara urtero. Hala ere, kontu honekin mahaiko komentsalekin bezala gertatzen da, zazpik jaten duten tokian zortzik jan dezakete… balkoi bakoitzean sartzen ez garen guztiak eta gehiago sartzen gara halako egunetan.     O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo