GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | CIRQUE DU SOLEIL, BILBON

Ilusioak eta alaitasunak ezinezko zirudiena posible bihur dezakete

Alegria» ikuskizunak magiaz jantzi du asteazkenaz geroztik Bilbao Arena. Igandera bitartean bertan izango dira Cirque du Soleilen lanik ezagunena osatzen duten ilusioaren eta poztasunaren artistak.

p004_f01_250x128.jpg

Ane ARRUTI

Ez dago ezer soberan, denak du izateko arrazoia Cirque du Soleilen «Alegria» ikuskizunean. Musikari, akrobata, bihurrikari, abeslari nahiz pailazo, koreografia milimetratu batean uztartzen dira taula gainean. «Alegria» ilusioa da, ezinezkoa posible egiten duena, baina indarra, perfekzioa eta, batez ere, sekulako koordinazio lana ere bai. Hemezortzi herrialdetako 55 artista elkartzen ditu ezohiko zirku honek eta horiez gainera, gutxienez beste horrenbeste langile eramaten dituzte alboan, hiriburu bakoitzean kontratatzen dituztenez gain. Bilbon igandera arte izango dira, Miribillan, eta 30 eta 60 euro bitartean balio duten sarrera gehienak agortuta daude, oraindik ere bakarren batzuk gelditzen badira ere.

Eguzkiaren zirkuak berak azaltzen duenez, «boterearekiko borrokari buruzko introspekzio operistikoa» da «Alegria». Franco Dragone zuzendariak eta Gilles Ste-Croix sorkuntza zuzendariak 1994an estreinatu zutenetik hamar milioi ikuslek gozatu dute mundu osoko 65 hiritan.

Dominique Lemieuxen arropa ikusgarriek -aipatzekoa emakume eta gizonezkoen artean zirkuetan hain ohikoa den bereizketarik ez egitea- XVII. mendera garamatzate. Erregerik ezean, Fleur konkorduna dute mundu barroko honetan gidari. Musikariak ditu atzetik, izutzen ditu nano onkoteak eta urduri jartzen ditu lehenengo ilaretako ikusleak. Barre egiten die, eserlekua lapurtu edo taula gainera igotzen ditu bals bat dantzatzera.

Zuzeneko musikak -bi emakumeren ahots bikainez lagunduta- eta atrezzoak biribildu baino ez du egiten, ordea, ikuskizuna osatzen duten gimnasten abilezia estralurtarra. Bi emakume mongoliar bihurkarien ezinezko mugimenduak ikusi besterik ez dago mugak hausteko eginak direla ohartzeko.

Agertokia zabaldu eta gurutze formako ohe elastikoan batera eta bestera jauzika eta itzulipurdika gurutzatzen dira, etenik gabe, akatsik gabeko programatutako makinak bailiran.

Australiako trapezista bikoteak eta saioa itxi zuten hamarkote hegalariek mutu utzi zituzten Bilbao Arena bete zuten ikusleak, ondoren txalo zaparrada batean lehertzeko. Arnasarik gabe geratzekoa bi pertsonen sorbaldatan sostengatutako barra errusiarretan osatutako jauzien ikuskizuna ere.

Suaren malabaristak, uztaien erregina... eta, zirkua ezohikoa izan arren, haur eta helduen barre algarak eragin zituen pailazo bikotea, ikuskizuneko protagonista bihurtzeraino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo