GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Frankismoaren arrastoaren kiratsa

Alemanian pentsaezina litzateke nazien ministro izandako bat demokraziaren egiletzat hartzea. Estatu espainolean, ordea, harrotasunez aldarrikatzen dute Francoren ministro ohi horrek egin zuela indarrean dagoen Konstituzioa

Fraga hil da. Frankista handi eta nazkagarria zendu da, azkenean. Badakit halakoetan nagusitzen den zurikeriak hildakoei buruz isilik gelditzea edo gauza onak esatea agintzen duela: baina niri ez zait Fragari buruz ezer onik bururatzen; ezta bilatu nahi ere. Eta bestalde, ez dut isiltzeko batere gogorik.

Batzuek txin-txin egin dute berria jakitean, eta ulergarria da, baina hil izana ere ez da guziz pozgarria, errugabe joan baita. Bizirik zegoela ez zuen ene errespetua merezi, orain ere ez. Argi eta garbi diot, jakinik, lehen aipatu bezala, ene jarrera honek talka egiten duela beste askoren politesse ergelarekin. Izan ere, kristoren zurikeria atzematen dut heriotzaren aurrean. Heriok pertsona guziak santifikatzen dituela dirudi. Baina borreroak, hilik ere, borreroak dira. Ez dago gure planetan Fraga bezalakoak garbitzen ahal dituenik. Fragak berak aukera izan zuen bere ibilbide kriminala atzean uzteko, baina zer-eta kontrakoa egin zuen. Beti goraipatu zuen diktadura. Beti defendatu zuen Franco. Beti txalotu zuen errepresioa. Beti izan zen, finean, estatu krudelkeriaren defendatzaile sutsua.

Fidela izan baitzen frankismoaren mamiaz. Eta horrela joan da, bera bezalako nazkagarrien txaloen artean.

Gauza ederrak esan dituzte Fragaz, bai. Ohorea dagokiola, eredua izan dela, asko zor diogula. Eta batzuendako, argi dago, ohorezko gizona da: PPren sortzailea! Eta eredua, frankismoa baita PPren erreferentzia, denok dakigunez. Eta asko zor diote frankista eta kriptofrankista guziek: Fraga eta Fraga bezalakoei esker ez baitute nazien modura bukatu. Fragaren errugabetasuna beste askoren inpunitatearen ikurra delako, finean.

Alemanian pentsaezina litzateke nazien ministro izandako bat demokraziaren egiletzat hartzea. Espainiar estatuan harrotasunez aldarrikatzen dute Francoren ministro ohi horrek egin zuela gaur egun indarrean dagoen Konstituzioa. Ulergarria da, beraz, Konstituzio horri darion kiratsa! Nola izanen luke, bada, demokrazia usainik frankismoaren oinarrien egokitzapenean oinarritzen den Konstituzio horrek?

Fragaren heriotzaren aurreko jarrerek PPren DNA ekarri digute gogora. PPri ez zaio frankismoaren irudia komeni, baina ez du frankismoarekiko lotura ezkutatzen. Hobe dugu datu honi erreparatzea. Moncloan daudenak ongi ezagutzeko. Beraiengandik zer espero daitekeen behar bezala neurtzeko. Horrelakoekin ez dago etorkizunik euskal herritarrendako. Egia esan, ez dago gerorik demokratendako, edonon- goak izanik ere. Frankismoarekiko zilbor hestea moztea ez da iraganarekiko eskaera bat, benetako demokraziaren oinarria baizik. Auzia ez dago frankismoaren irakurketan, gaur egungo jardueran baizik, baina iraganarekiko jarrera esanguratsua da: asko esaten digu oraingo egoeraz eta geroari begirako joerei dagokienez.

Beste aukera bat galdu dute frankismoaz moztu ez zuen trantsizioaren lohian murgildu zirenek. Parada ederra zuten iraganaz hausnarketa sakon eta zorrotza egiteko, babestu zuten erreformak behar zen hausturari itxi baitzizkion ateak, denon aurrean dauden ondorioak eraginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo