Aizkora Urrezko lehiaketa
Urretxun finalerdietarako txartel bat dago jokoan
Juanjo Lopez eta Ander Erasun Anjel Arrospideren eta Ugaitz Mugertzaren aurka neurtuko dira bihar eguerdian 12.00etatik aurrera Ederrena pilotalekuan. Galtzen duenak final-laurdenak jokatuko ditu.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorako lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko da bihar, 12.00etatik aurrera, Urretxun, Ederrena pilotalekuan. Saria ere potoloa izango da, irabazten duenak finalerdiak zuzenean jokatzeko txartela eskuratuko baitu, eta galtzen duenak, berriz, final-laurdenak jokatu beharko ditu.
Lopez eta Erasun Mugertza II.aren eta Arrospideren aurka neurtuko dira. Sei proba ezberdin jokatu beharko dituzte, eta denetara denborarik onena duenak irabaziko du.
Kanporaketa oso orekatua agertzen da, baina Lopezek eta Erasunek abantaila txiki bat izango dute, jadanik bi kanporaketa jokatuta baitaude. Arrospidek eta Mugertzak, aldiz, lehenengoa izango dute, eta horrek beti izaten ditu arriskuak.
Urretxun Zilarrezko Mailako kanporaketa bat ere jokatuko da, eta bertan Larrañaga eta Mugertza III.a Zalduaren eta Dorronsororen aurka neurtuko dira. Kanporaketa hau ere oso erakargarria da, maila oneko lau aizkolari izango baitira lehian. Horietako bi, Zaldua eta Larrañaga, azkeneko urte honetan dezente gora egin dutenak, gainera, eta saio honek berak ere ikusmin handia piztu du.
Harri-jasotzea
Zestoan, Iraeta auzoan, 108 kiloko «Errota» harriarekin lehiaketa jokatuko da bihar, 17.30ean hasita. Bertan, Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Belioso, Ugartemendia, Irigoien, Telleria, Urpe, Otaegi eta Lertxundi neurtuko dira. Harria bola da, eta dudarik gabe, sekulako jendetza izango da bertan. Txapelaren lehian, ezeren okerrik ez dutela, Irigoienen eta Izeta II.aren artean ibiliko dira, eta bi izen handi horiek hor izateak ere interesa areagotu egiten du, baina lehian izango diren harri-jasotzaile gazteek ere hor badute zerikusia.