HAUR LITERATURA
Kontakizun aberatsa
Xabier ETXANIZ ERLE
Liburuari galdera batek ematen dio hasiera: «Zer izan nahi duzu handitzen zarenean?», eta hain zuzen, galdera horri emaniko erantzuna da istorio honetako protagonista bitxia egiten duena: «Aitonari kometak egiten lagunduko diot»; ordurako irakurleak ikusi du giro txinatarreko istorio batean gaudela, protagonista, narratzailea, gertakarien berri ematen digun neskatila txinatarra dela (baita poeta samarra ere): «Aitona lehendabizikoa izan zen herri honetara etortzen, negu amaiezineko, mendi urdineko eta euri atergabeko herrialde honetara. Eta jatetxe bat ireki zuen. Ni geroago iritsi nintzen».
Kontua da gure protagonistari iseka egiten diotela eskolan, barre egiten dutela haren kontura, eta aitonak «kontu horiek ez dira inportanteak» esan arren, neskatilak sufritu egiten duela. Andereñoak, gainera, adiskidetu daitezen Lukenekin batera jarri du eta bien artean egin behar dute etxeko animaliei buruzko lan bat; baina... «Asmoa ona zen, baina alferrikakoa. Ez genion elkarri hitzik esan eta idazkia hasi ere ez genuen egin. Andereñoak, aski haserre, idazlana etxean burutzeko agindu zigun». Eta elkarri bizkarra ematen dioten bi gaztetxoek (Marimar Agirreren irudietan ederki islatzen dira protagonisten sentimenduak eta istorioaren nondik norakoak), lan hori dela eta, aldaketa handia izango dute, elkarrekiko harremana oso bestelakoa bilakaturik.
Testu eta irudien arteko tonua oso lortua da. Neska-mutilak dira informazioaren gune, eta alde horretatik Lukenen ama, irakaslea edo aitona agertzen direnean ez zaie aurpegia ikusten, neskaren eta mutikoaren sorbaldetan eskuak jarrita agertzen den andereñoaren irudia lepoan mozten da... eta irakurleak irudika dezake, arazorik gabe, gainerakoa; horrela, arreta eta interesa, batik bat, neska-mutikoengan ezarriz.
Istorioaren argumentua, bestalde, oso ongi garatuta dago, narrazioan (idazkian nahiz irudien bidezkoan) oso era ederrean azalduz (testuaren poetikotasuna eta irudien indarraz hitz egin dugu arestian). Arrate Egañak eta Marimar Agirrek ederki asmatu dute bien arteko lana uztartzen, testuaren eta irudiaren arteko erlazio aberatsa eskaintzen.
Norbaitek kulturartekotasunaz hitz egiteko liburua dela esan dezake, edo bullyingari buruzkoa; izan daiteke adiskidetasunaz... baina argi dagoena da liburu hau gozatzeko irakurketa bat dela, literatura liburua.