GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Operación del fbi

Egileen eskubideak errespetatu behar dira, baina denak ez du balio

SOPA, PIPA, DMCA, Sinde, Hadopi... Ez al dira konturatzen itota dagoen merkatu bati soka gehiago estutzen diotela?

Mikel OLASAGASTI Sistema administraria

Megaupload omen da fitxategi trukaketaren errege baina ziur honen erabiltzaileek beste guneren bat topatu dutela bere gabezia betetzeko. Erregea izango zen bai, baina bere gortean ez ziren zerbitzu berdin edo antzekoak eskaintzen zituzten dozenaka webgune falta. Burua moztu diote eta hil egin da, hauxe da proiektu honen arazoa, puntu bakarrekoa dela, ez banatua, P2P sareen modura. Diru zuriketa, egile eskubideak zapaltzea eta beste hainbat perla egotzi dizkiete Megaupload-eko kideei eta, beste behin, eduki legalak, mugakoak eta guztiz legez kanpokoak zaku berdinean sartu dituzte.

Atxiloketa eta miaketa hauek burutzeko eguna aukeratu duenak buruan zer ote zuen jakin nahiko nuke. Sarea SOPA legearen aurka altxatu da eta guzti hau gertatu aurreko egunean blackout edo guneen itzaltze boluntarioa burutu zen, arrakastatsua. Ez dira ez lege honetan oinarritu atxiloketa eta miaketak egiteko, baina etorri daitekeen zerbaiten aurrebista izan daiteke.

SOPA legea egileen eskubideak eta errezetapeko medikamentuen trafiko ilegala murrizteko proposatu da, baino legearen interpretazioak askorako eman dezake. Argi daukat egileen eskubideak errespetatu behar direla baina denak ez du balio. Lege honen pean webgune guztiak susmagarri bilakatzen dira. Nahikoa da norbaitek iruzkin batean egileren baten eskubideren bat urratzen duen irudi bat jartzea webgune osoa bertan behera uzteko. Eta zer esan norbaitek bideo baterako abesti baten zati bat erabiliko balu... Webgunea ixtea ez, gilotina zorroztea proposatuko diet.

Egia da SOPA legea AEBn oinarritzen dela, baina Interneteko azpiegitura nagusiak bertan daude, beraz, han aplikatzen den edozein legek gugan eragin zuzena izango du. Wikipedia, Flickr, Vimeo, Reddit eta beste hainbat webgune jo puntuan egongo lirateke, baita .com, .net eta beste hainbat domeinu dituzten guneak, azken finean izenen erregistroa ere eteteko gai dira eta.

Modeloa aldatu beharra dago merkatua aldatu delako. Ezin da erabiltzaile, webgune eta sortzaile oro susmagarritzat jo. Megaupload, ThePirateBay edo beste mila gune ez dira aldaketa beharraren adibidea baizik. Batzuk dena libre denaren ustetan erabiliko dituzte, baina uste baino jende gehiagok ordaintzen zuen, adibidez, Megaupload-eko Premium kontu bategatik. Zergatik ez orduan antzerako modeloetan pentsatu?

Netflix pelikula alokairu zerbitzua AEBn arrakastatsua da; hemen, pentsaezina oraindik. Spotify musika zerbitzuak egunetik egunera ordaintzen duten erabiltzaile gehiago ditu baina zenbait taldek nahiago dute ez agertu euren disken salmentan izan dezakeen inpaktuarengatik. Zerbitzu hauek ez dira nik nahiko nukeen benetako zerbitzuaren mailara iristen, baina gertu daude.

SOPA, honen bikote den PIPA, DMCA anaia txikia, edo gurean ditugun Sinde eta Hadopi legeak, zerbitzu alternatiboak eskaintzen ez diren bitartean, egileen kalterako dira, erabiltzaileak kontrolatu eta eskubideak mugatzen dituztelako. Ez ote dira konturatzen itota dagoen merkatu bati soka gehiago estutzen diotela?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo