GARA > Idatzia > Mundua

Tuaregen eta segurtasun indarren arteko istiluetan, 47 pertsona hil dira Malin

Gobernuak elkarrizketarako borondaterik agertzen ez duela-eta, hainbat eraso burutu zituzten tuareg matxinatuek asteartean eta asteazkenean, Malin. Segurtasun indarrekin izandako istiluek 47 hildako eta zauritu ugari utzi dituzte, Gobernuak adierazitakoaren arabera.

GARA |

Gobernuko segurtasun indarren eta tuareg matxinatuen artean izandako istiluen ondorioz, gutxienez 47 pertsona hil dira aste honetan Malin.

Barne Ministerioak zabaldutako komunikatu ofizialaren arabera, matxinatuek «galera» handiak jasan dituzte.

Bi soldadu eta 45 tuareg izan dira hildakoak. Horietatik 35 Aguelhocen izandako istiluetan hil ziren, eta beste hamarrak Tessaliten izandakoetan. Horrez gain, istiluetan tuareg ugari zauritu dira, eta erasoan erabili izan dituzten hainbat auto suntsituta daude.

Tuareg matxinatuek pasa den asteartean Menaka hirian erasora jo zuten, lehen aldiz matxinadari amaiera eman zion akordioa hitzartuz geroztik eta ehunka gerrillari -tartean tuareg ugari- Libiara itzuli zirenetik. Asteazkenean, aldiz, Aguelhocen eta Tessaliten egin zituzten erasoak.

Azawadeko Askapen Mugimendu Nazionaleko bozeramaileak (AAMN) -tuareg matxinatuen erakunde politiko-militarra- komunikatu baten bitartez jakinarazi zuenez, taldearen ekintzak Bamakoko agintariek elkarrizketarako borondate ezari erantzuten dio eta erasoak egiten jarraituko dute.

Talde politiko-militarra Maliko botere zentralaren aurka borrokatzen da, Azawad eskualde berbereak estatus berezi bat izan dezan, alegia, Bamakoko Gobernuaren mendeko ez izatea bermatuko dion estatusa izateko.

Taldea 2011ko amaieran jaio zen, talde matxinatuen arteko fusio baten ondorioz, tartean Mali Iparraldeko Tuareg Mugimendua, ofizialki iaz auto istripuan hil zen Ibrahim Ag Bahanga buruzagi zuena.

Maliko Gobernuak jakinarazi zuenez, segurtasun indarrek kontrolpean dituzte Menaka, Tessalit eta Aguelhoc, erasoak izandako guneak.

atzerritarrak

Azawadeko askapen mugimenduak eskualdetik ateratzeko eskatu die atzerritarrei. Izan ere, aurretik egindako eskaerei kasu egin ez eta oraindik «toki estrategikoetan atzerritarrak, batez ere militarrak, antzeman ditugu», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo