GARA > Idatzia > Ekonomia

Hautetsiek kolektiboa osatu dute, esne kooperatibako ekoizleei sostengua emateko

Auzapezek, kontseilariek, senatariek eta Baionako diputatuak agerraldi publikoa egin zuten atzo CLPB esne kooperatibari sostengua eman eta berrogeita hamar herri eta herri elkargok izenpetu duten mozioa aurkezteko.

p030_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Ipar Euskal Herriko berrogeita hamar bat hautetsik, auzapezek eta kontseilarik, baita Jean Jacques Lasserre eta Frederique Espagnac senatariek eta Baionako diputatu den Jean Grenetek ere prentsa agerraldia egin zuten atzo CLPBk (Euskal Herriko esne kooperatibak) daraman borrokari sostengua emateko.

Kolektiboan bilduak, hautetsiek gogorarazizuten esne-ekoizleak «egoera larri» batean daudela, eta «ardi-esnearen arloak» barnealdean duen garrantzi ekonomikoa goraipatu zuten. Izan ere, jarduera hori, 1.700 etxalde ukitzeaz gain, hiru mila lanposturen sortzaile da. Hots, bi etxaldetatik bat ardi esnearen ekoizpenetik bizi da.

«Lurralde zaila da gurea, eta egunero borrokatzen gara zerbitzu minimoak mantentzeko. Hiru mila enplegu galtzea ez da gauza gutxi barnealdean, eta bereziki mendi inguruetan. Gure herrien etorkizuna jokoan dago krisi honekin», nabarmendu zuen Mizel Oçafrain Bankako auzapezak.

Lurraldearentzat sortzen dituen kalteak nabarmentzeaz gain, lekuko enplegua mantentzen duen sistema bakarra kooperatibena dela gogorarazi zuten aldi berean. Eta krisi horren gibelean, «kooperatiben dinamika hausteko borondatea» ikusten dutela salatu zuen Bankako auzapezak.

Egoera ikusirik, atzoko prentsaurrekoan zeuden hautetsiek izenpeturiko mozioaren berri eman zuten. Bertan, 1999an CLPBren esnea partekatzeko Interprofesionalean hartu zen akordioa betetzeko eskatu zuten, «lekuko esneari lehentasuna» ematea eta «CLPBko esnearentzako aterabide kolektiboa eta interprofesionala» bilatzea eskatuz.

«Erabaki horien aplikarazteko legez eta juridikoki, hedapen neurria galdegin behar du Interprofesionalak. Aterabide iraunkorra izan behar da eta CLPB bere osotasunean errespetatu behar da», azaldu zuten mozioan. Idatzia joan den asteartean zabaldu zenetik, berrogeita hamar atxikimendu bildu ditu herri eta herri elkargoen artean.

Atzo goizean, berriz, hautetsien kolektiboko ordezkariek suprefetarekin izan zuten bilkura.

Aterabidea datorren asterako

Christine Bessonart Senpereko auzapez eta Hautetsien Biltzarreko burua, Mizel Oçafrain eta Frederique Espagnac izan ziren ordezkaritza horretan. «Suprefetak irtenbide bat aztertzen ari zirela jakinarazi digu. Guk eskatu bezala, eztabaida horretan hautetsien parte-hartzea onartu du», argitu zuen Bankako auzapezak. Datorren asteari begira, krisia gainditzeko aterabidea emana izanen delako esperantza badute hautetsiek.

Frantxua Maitia kontseilariak, bere aldetik, Kontseilu Nagusiak urtarrilaren 28a eta otsailaren 3a bitartean ekoizle eta profesionalekin mahai-inguru bat antolatuko duela jakinarazi zuen.

Azkenik, hautetsien kolektiboak mobilizatua jarraitzeko deia zabaldu zen atzo. «Ez bada irtenbide bat azkar atzematen, mobilizatuak jarraitu beharko dugu, beste ekintza batzuk egiteko», esan zuten.

Hautetsiekin batera, Bizi! mugimenduak kooperatibako laborariei elkartasuna eta sostengua azaldu zien.

4.000 jogurt

Esne-ekoizleek bostehun litro esnerekin eginiko 4.000 jogur pote eskaini zizkieten ostegunean Angeluko Bihotzeko jatetxeei. 8.000 litroak ezin zituztela eraldatu gogoratu zuten laborariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo