Heineken Kopa
Duintasunez amaitu nahi du Biarritzek lehen fasea
Lapurtarrek Ospreys taldea hartuko dute bihar arratsaldean, 14.00etan, Agilerako estadioan.
Jon LEUNDA
Bihar, 14.00etatik aurrera, Biarritzek Ospreys taldea hartuko du lehen faseko azkeneko partidan. Zuri-gorriek ia aukerarik ez dute Heineken Kopako final-laurdenetan izateko. Matematikoki apurren bat izan dezakete, baina ia-ia batere ez. Multzoko lehenengo bezala sailkatzeko ez dauka inongo aukerarik, horiek pasa den asteko porrotaren ostean galdu zituen.
Bigarren onenaren lekuan sailkatzea ere oso zaila dauka, beste hiru multzoetako bigarrenek jadanik puntu asko dituztelako, eta horiek gainditzea ia ezinezkoa delako. Etxekoen itxaropen bakarra irabazi, ahalik eta entsegurik gehien lortu eta beste guztiek galtzea da. Hori amets bat izan daiteke, baina besterik ez, mirariak oso gutxitan gertatzen baitira. Ospreys bera ere egoera berean dago, Biarritzen adina punturekin baitago. Hau izango da hamabostekoa: Barcella, Marconet, Hegi, Thion, Carizza, Lauret, Guyot, Harinordoki, Yachvili, Peyrelongue, Baby, Traille, Gimenez, Ngwenya eta Balshaw. Aulkian, Terrain, Gomez Kodela, Tahele, Faure, Bosch, Bolakoro eta Haylet Petti geratuko dira.
Aviron
Amlin Challengen Avironek ere bihar jokatuko du, 16.00etatik aurrera, Rovigoren aurka. Zuri-urdinek aukerak badituzte sailkatzeko, baita sailkatu gabe geratzeko ere. Multzoko lehenengo bezala gera daitezke, baita bigarren ere, eta bi eratara sailkatu daitezke. Bata zein besterako irabazi egin behar dute beren partida, eta ahal bada erasoko puntuarekin. Lehenengo geratzeko, Londonek galdu egin beharko luke. Zuri-urdinek irabazi eta ingelesek galduko balute, ez litzateke arazorik izango, baina Londreseko taldeak Bordeleren aurka jokatzen du, eta frantziarrek ez dute ohorea besterik izango jokoan. Ingalaterrako taldeak irabazten baldin badu, Baionakoak bigarren geratuko dira. Hor geratzeko ere, irabazi egin beharko dute, erasoko puntuarekin, eta gero, gainerako bigarren sailkatuekin kontuak atera sailkatzen diren edo ez ikusteko. Hau izango da hamabostekoa: Igiñiz, Roumieu, Boyoud, Linde, Chisholm, Barnad, Haare, Baget, Garcia, Otazo, O'Connor, mazars, Lacroix, Rokoco eta Heymans.
Avironek aukerak baditu Amlin Challengeko final-laurdenetara sailkatzeko. Horretarako irabazi egin behar du, erasoko puntu eta guzti, eta gero besteen emaitzak ikusi.