Kronika | San sebastian eguna
Euriteak bihar arte atzeratu du Donostiako haurren danborrada
San Sebastian euritsua izan zen atzokoa, baina hain egun berezia izanik, Donostiako auzo eta kaleetan, euriak ez ezik, danbor hotsak ere ez zuen etenik izan. Gaztetxoak ateratzeko gogoz gelditu ziren, halere, eta haur danborrada bihar egiteko esperantzan dira Gipuzkoako hiriburuan. Behobia-Donostia lasterketak Urrezko Danborra jaso zuen.
Ana ABARIZKETA
Danbor hotsa entzun, entzun zen atzo Donostian. San Sebastian egun handian euriak eragina badu ere, urtarrilaren 20a egun berezia ez denik ezin esan, eta Gipuzkoako hiriburuak 24 ordu burrunbatsu pasatu berri dituenik ezin inork ukatu. Egia da eguneko ekitaldirik koloretsuena bertan behera gelditu zela, baina soluziorik gabeko buruko minik ez delako, haurren danborrada biharko uztea erabaki zuen atzo Udalak .
Azken momentura arte itxaron zuen Donostiako Udalak gaztetxoen martxa atzeratzeko erabakia hartzeko, eta goizeko hamaikak laurden gutxiak aldera jakinarazi zuten inork entzun nahi ez zuena. Nerea Txapartegi Kultura zinegotziak «pena handiz» azaldu zuen erabaki hori hartzea ez zela batere erraza izan, baina Igeldoko meteorologia zentroak jakinarazi zien aurreikuspenen arabera etengabeko euritea zekarrela aroak. Hala ere, bihar desfilea egiteko beste aukera bat izango dela azaldu zuen Txapartegik. Beraz, 52 konpainiatan banatutako 4.906 gaztetxoek, eguraldiak laguntzen badu behintzat, Donostiako kaleak kolorez estaltzeko aukera izango dute. Azkenekoz, duela 31 urte gelditu zen bertan behera txikien danborrada.
Zorte gehiago izan zuten Azpeitian, xirimiritan izan bazen ere, kalera atera eta danborra jotzea posible izan zen-eta. Hasi baino berrogeita bost minutu lehenago bestelakoa iragarri bazuten ere, 600 lagun inguruz osatutako danborradak ohiko ibilbidea egin ahal izan zuen.
Behobia herrikoiarentzat
Atzo eguerdikoa izan zen eguneko momenturik hunkigarrienetarikoa eta Fortuna kirol elkartekoek sekula ahaztuko ez dutena. Hala azaldu zuen Behobia-Donostia herri lasterketa antolatzen duen kirol elkarteko presidente Enrique Cifuentesek, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen eskutik Urrezko Danborra jaso ostean: «Hau da Behobia-Donostiaren eta Fortunaren egunik zoriontsuena».
Elkarteko kideak atzean zituela, azken 32 urteetan Behobia-Donostia lasterketan izandako zailtasun eta zoriontasun uneak azaldu zituen Cifuentesek hitzaldian, eta 32 urteotako ibilbide luze horretan izandako «protagonista nagusiei» eskaini zien saria, hau da, parte-hartzaile guztiak «berdinak» diren lasterketa «herrikoia» osatzen dutenei.
Donostiako Udaleko kideez gain, instituzio publikoetako ordezkaritza bildu zen aretoan. Besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Ernesto Gasco Lakuako Gobernuko Garraio sailburuordea eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua.
Cifuentesen hitzen aurretik, Union Artesanak Alkate soinua eta Diana jo ondoren, Maria Jose Rodriguez eta Javier Barrena lasterketako boluntarioek euren esperientziak kontatu zituzten, hauek ere emozioak pil-pilean zituztela. «Ilusioa, antolakuntza eta osasuna» izan zituzten hizpide. Bestalde, Izagirrek bere lehen hitzak haurrei eskaini zizkien, eta bihar guztien artean danborrada babesteko deia egin zien herritarrei. Jarraian, Behobia-Donostia lasterketari eskertu zion hiria mundu osoan ezagutzera ematen egindako ekarpena.
Urrezko Danborraz gain, aurreko egunean ere banatu ziren Hiritar Merituaren dominak, eta Ramon Saizarbitoria, Peter John Brown, Andresa Portugal, Hospitalidad Virgen de Lourdes elkartea eta Joaquin Perez Uriarte izan ziren sarituak. Senide eta lagun artean jaso zuten domina, hauek ere hunkituta erabat, San Sebastian egunaren atarikoetan.
Banderaren jaitsierarekin amaitu ziren atzo gauerdian sansebastianak, hasi ziren bezalaxe, Alde Zaharreko Konstituzio plazan. Oraingoan, festa guztiz amaitu ez den sentsazioa geratu zen, hala ere.
Bestalde, Bilbotik ere iritsi ziren albisteak atzo goizean. Izan ere, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok azaldu zuen auzitara jotzeko aukera aztertzen ari direla banderaren igoerako ekitaldian euskal preso politikoen eskubideen defentsan pankartak zabaldu zituzten aurka, edota «hauek zintzilikatzea onartu» zutenen aurka.
Adierazpenok Bilboko itsasadarreko kaian egitekotan diren obren gaineko prentsaurrekoan egin zituen, eta gaineratu zuen «ikuspuntu politiko» batetik «terrorismoaren goraipatze ekintza» bat izan zela.