GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

felix jauregizar, alberto bilbao (*) Bakioko Bilduko zinegotziak

Urkitza, etorkizunari begira

Atzera begiratzeak nostalgia ematen duen arren, harrotasuna sentitzen dugu. Harrotasuna, garai baten emakume eta herritar batzuren ausardiak, lortu zuelako gaur egun dugun eskola. Ez zen erreza izan baina aurrean topatu zituzten oztopo eta harri guztiak gainditu ostean erein zuten hazia. Orain 25 urte bete ondoren gogoratzeko ordua heldu dela ematen du.

Eskola ezinbestekoa izan da gure herriaren garapenean. Zer izango litzateke gure gizarte txiki hau eskola gabe? Batek daki! Eskolak, komunitate txiki bat izan arren, zubiak eraiki ditu, Bakioko ohitura, bizimodu, hizkuntza eta herritarren arteko harremanak eta loturak indartu ditu. Herriko eragile bihurtu da, komunitate hau osatzen duten herritarren beharrizanak asetzeaz gain herri osoari begirako ekintzak antolatzen ditu eta Bakioren izena Euskal Herriko luze zabalean zabaldu du, ikasleen bidai edota gurasoek antolatzen dituzten txango desberdinen bitartez.

Bildurrak ere bizi izan ditugu, DBHak, 7. Eta 8 maila bahitu zizkigun eta gazteak, Mungiko eskolara derrigorrez bidali zizkigun. Eskola txikien aldeko hainbat manifetan ere, ozen aldarrikatu genuen beste herri batzuetako eskola eta herrirekin batera: «eskola txikiak bizirik!». Eta bizirik gaude, bizirik eta etorkizunari begira. Eskola ere, proiektu estratejikoa izan behar baita gure herrian. Urtarrilak 28, emozioz betetako eguna izango da, atzean utzi ditugunak gogoratzeko eguna, aspaldiko lagunekin topa egiteko eguna, guraso elkartearen kide izan diren belaunaldi eta herritar asko omentzeko eguna, gaur egun aurrekoen lekukoa hartu duten guraso eta ikasle gazteen lana aitortzeko eguna. Azken baten, eskola eta herri honen garapenaren alde gaudenon eguna izango da.

Ereindako haziak orain arte uzta oparoa eman badu ere, oraindik ere, gehiago eman beharko du. Garai batean lapurtu ziguten DBHa berreskuratzera goaz. Hau da gure erronka. Ez da bide erreza izango, baina ohituak gaude, inork ez baitigu inoiz ezer oparitu .Beraz, animo bide lagun guztioi! Zorionak proiektu honen parte izan zareten eta gaur zareten guztioi! Zorionak Bakio!

(*) Eskutitza Amets Jauregizarrek, Luke Verdesek eta Jon Peli Ormaetxeak ere sinatzen dute

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo