GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Belen Arrondo Aldasoro, Jon Moñux Agote STEE-EILAS sindikatuko kideak

Alferrak eta krisiaren errudunak omen

Krisiaren aitzakiaz, Gasteiz zein Madrilgo gobernuak lasterketa zoro batean sartu dira, gastu soziala murrizteko

Zertarako manifak eta lanuzteak? Ezer onik aterako al dugu? Horiek eta antzeko galderak entzuten dira noizbehinka, etsipenez beteta. Gobernuak eta patronalak helburu horren bila dabiltza eta zenbait kasutan baita lortu ere. Baina jasotzen ari garen erasoek eta irain onartezinek tamaina bereko erantzuna merezi dute. Barruan daramagun haserrea eta desadostasuna kaleratu beharra dugu. Oinarrizko lan eskubideez ari gara, baita gure duintasunaz ere!

Gauza jakina da, krisiaren ondorioz garai txarrak bizi ditugula langileok, gizartearen gehiengoak bezalaxe. Hamarkadetan zehar eta borroka luzeen ondoren lorturiko eskubideak gobernuek di-da batean desagerrarazi nahi dituzte, zor publikoa gutxitzeko eta ekonomia suspertzeko aitzakia merkeak erabiliz. Baina inoiz baino argiago ikusten ari gara hemengo eta hango politika ekonomikoak aurpegirik gabeko merkatuen agindupean daudela eta ez gizartearen gehiengoaren zerbitzuan. Onartezina da, gehienon lan baldintzak eta bizi kalitatea gutxiengo baten aberaste grina mugagabearen menpe egotea. Maltzurkeria handiz, krisiaren errua guztiona dela sinetsarazi nahi digute gobernuek, eta gainera, zorra ordaintzeko denok estutu behar dugula errepikatzen digute lotsarik gabe. Bitartean, benetako errudunak, espekulatzaileak nahiz banketxeak, merkatua- ren mozorro azpian ezkutatzen dizkigute eta diru publikoa ematen diete euren etekinak handitzen jarraitzeko. Aberastasuna egon badago, noski, baina oso gaizki banatuta!

Krisiaren aitzakiaz, Gasteiz zein Madrilgo gobernuak lasterketa zoro batean sartu dira, gastu soziala murrizteko. Etengabeko murrizketak pairatzen ari gara lan eskubideetan, baita gizarte eskubideetan ere. Horren lekuko dira ezarri dituzten aurrekontu murriztaileak. Ez dute zerga politika aldatu nahi, ordea, gehien daukatenek gehiago ordain dezaten. Politika neoliberal eta atzerakoi horiek langileon aurka joateaz gain, zerbitzu publiko ahulagoak eta kalitate eskasagokoak dakartzate.

Guk adibide argiak ditugu irakaskuntzan. Irakasle zein bestelako langileen eginkizun eta ardurak gehitzen joan dira, ikastetxeetan guztion lan zama areagotu delarik. Giza baliabideak oso urriak dira eta horrek plantilletan, ordezkapenetan, funtzio ezberdinetan... du isla. Lanpostu berriak sortu beharrean murrizten ari dira eta gainera lan gutxiago eskaintzen zaie lanik gabeko ordezkoei.

Testuinguru honetan, gure lan baldintzak okertzen daramaten bide luzean, urrats bat gehiago eman dute enplegatu publikoei -funtzionarioak, laboralak, ordezkoak, partzuergokoak, unibertsitatekoak...- ezarri diguten dekretazoarekin. Lehenik, iritzi publikoaren aurrean susmagarritzat jo gaituzte -absentismo «jasangaitza», alferkeria...- eta ondoren neurri zorrotzak ezarri dizkigute gizartearen aurrean zorraren errudun gisa gu agertzeko. Azkenean, krisiaren eragileak funtzionarioak omen! Hau komeria, zerbitzu publikoetako langileak krisiaren errudun!

Jaurlaritzak Arlo Publikoko langileoi ordainarazi nahi digu bere politika ekonomikoaren porrota, bere ezgaitasuna irtenbide sozialak bultzatzeko, bere borondate eza fiskalitate progresiboa ezartzeko eta langileon interesen alde jokatzeko. Gaixotasun bajak «zigortu», soldatak berriro izoztu (%9ko galera 2009tik), erretiro diru-sariak kendu, errelebo kontratua desagerrarazi... atal guztietan erasotzen ari dira, neurririk gabe, ez dute mugarik. Lan eskubideetan inboluzioa ezarri nahi dute, baina ezin dugu onartu, ez dugu etsiko!

Tamalez, komenigarria da azpimarratzea neurri hauek edo antzekoak ez zaizkiela ezarriko soilik Jaurlaritzaren menpeko langileei. Ikusitakoak ikusita, aurreko murrizketekin gertatukoak jakinik, inork ez dezala pentsa itunpeko ikastetxeetan eraginik izango ez dutenik. Arlo horretako patronalek funts publikoen finantzaketa jasotzen dute eta ondo erakutsi digute zein aitzakia gutxi behar duten euren langileei Administrazio Publikoko murrizketa berberak ezartzeko. Beraz, oraindik itxura legala eman bitartean, hortxe daude aurrekariak eta mehatxuak.

Eraso hauen aurrean, langileon alde eta zerbitzu publikoen defentsa sutsuan jarraituko dugu eta zehazkiago irakaskuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izateko aldarrikapena errepikatuko dugu, hezkuntza oinarrizko eskubidetzat jotzen dugulako. Baina Mendia, Celaa, Lopez eta abarri argi utzi nahi diegu ezinezkoa dela zerbitzu publiko sendoak eta kalitatezkoak izatea bertako langileei lan baldintza kaxkarrak ezarrita. Biak ala biak txanpon beraren bi aldeak baino ez dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo