kazeta.info, Jon Garmendia 2012/2/3
Intza eta Julen
(...) Ez dakit Intzak ulertuko nauen, baina berak pasatzen ari duena ulertu dezaket hein batean nik. Umedun dago, eta haizea lagun, apirilean munduratuko da Julen eta bere arteko maitasunak sortu duten haurra. Eta ordulariko orratz ttipiak itzulia egiten ari duen aldiko, errepika ezina den esperientzia galtzen ari dira biak. Elkarri emaniko fereka eta muxuek ez dute pausalekurik. Intzari tripa handitzen nola ari zaion ezin ikusi du Julenek, haurtxoak ostikoak ematen ditu barnetik egoera hori salatu nahi balu bezala, eta bitartean denbora badoa. Bizitza.
Abenduan ebatsi zizkiguten, eta orduez gero, Julen Osnyko presondegian da. Intza Fleurykoan. Distantzian. Hemendik eta heien artean. Batera borrokatzen dute halaere, bai, baina mementu goxo eta intentsoak ari dira galtzen, nehork itzuliko ez dizkietenak, ere bai.
Ez naiz preso politikoen egoera biktimizatu zale, hau da, ez dira gaizoak ez eta koittaduak. Ene uste apalean. Borrokalariak direlako, eusko gudariak, eta lur zahar hau askatasunez biziberritzea dutelako xede. Baina horrek ez du erran nahi gure sentikortasuna galdu behar dugunik. Nolabaitean deshumanizatzen ari garela uste baitut. Apalki. Egunak, asteak eta urteak ari dira pilatzen presoen bizkarrean, eta horren parean guk ezin dugu egunerokotasunean lasaitasunez murgildu. (...)
ETAk bere ekinbide armatua amaitutzat eman du, eta errepresioak bere horretan dihardu, elurraren pare mara-mara erortzen segitzen du herri honen gainera. Ez gaitzala izoztu. Anitz jendek salatu izan baitu betidanik atxiloketen zentzugabekoa, eta egungo testuinguruan salagarriago dela deritzot.
Igande huntan Donazaharren Julen eta Intzaren aldeko sostengu eguna antolatua da. Horra hitzordu garrantzitsu bat, elkartu, babestu eta goxotasuna sentituaz batera urruntasunera igortzeko. Lerrootarik ene sostengua baino zerbait gehiago bidali nahi nieke biei. Faltan somatzen ditudalako, eta berei egin dietena kriminala iruditzen zaidalako. (...)