Julen MURGOITIO
Kutxa hutsa, hilkutxa
Ez, ez dira garai onak lapur jatorrarentzat; lapurra sasoi betean egon arren, atzazalak moztuta hatz puntak inoiz baino sentiberago izan arren. Ordutan hamaika igaro lezake horrek gauaren argian, hango edo hemengo gobernu baten kutxa gotorraren aurrean, tentu handiz konbinazioaren bila, orain apur bat ezkerrera bira, orain dezente eskuinera... eta litekeena da ahaleginez azkenean lortu ere, zabalik!. Orduan dator, etorri ere, eguneroko prentsari begirada ematea ohikoa hartzen ez duen lapur jatorraren etsipena, kutxa! hutsa!. Saialdia pozez hartzen duen bakarra kutxaren barruko airea bera da, aspaldian ziega horretan zigortuta egon eta gero kanpora atera eta arnasa hartzeko aukera izanda haize bihurtzeko moduan dagoelako. Gaitz erdi!. Ez luke abagune hoberik izango lapur jatorrak banku handi baten atzealdeko ganbara korazatuan saiatuko balitz; hemen kutxa hutsik ez, aktibo kutsatuez beteta baino, adreilu baten azpitiko aktiboez beteta egon ere. Hor airea izatekotan adreiluen zuloetan baino ezin egon.
Baina egia bada katekesi aldian guri esan hura, hau da, materia ez dela sortzen ez desagertzen, eraldatzen baino ez dela egiten, non demontre da herritar arruntek zergaz erakunde publikoari eman eta aurrezkiaz banku-kutxetan gorde egiten duten dirua? Nongo kutxetan da berez egon badagoen diru hori? Debaluatua izan arren non da diru-papera?. Hau misterioa birtualitatearena! Eta Eliza, berez misterioen argitasun iturri omen dena (ama birjina beti iturrietan ageri omen zitzaien artzainei; jakina, artzainak zirenean), Erromara begira, bere kezka nagusia hemen aurre-matrikulatzeko sasoia den honetan eskola bideko umeak dituzten herritarrek erlijioa bai edo bai hartu dezaten temati, astun. Eta txarrena da erlijioa esatean kristauenaz ari dela!. Akabua! Ama, ama! noiz izango publikoak Vatikanoko aurrekontuak!. Pozik beharko Elizak honezkero, paradisuaren aberastasuna aberastasun, paradisu hori fiskala bada ere.
Hortaz, kristau bihurtzeko prest nengoke, gaurko Elizak orduko Jaungoikoak egin legez mertzenarioak Merkatutik indarrez botako balitu. Ez dezala egin, arren!. Amen.
Hotz, hotz, bizion oinok!. Hotza gorputzak gorpu ari da uzten aterpe gabeko izkinetan, soziala ei den Europan. Hutsak diren kutxak erabiliko batzuek hilkutxak egiteko. Negozio iraunkorra, kutxa berrerabili egiten baita.