GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lapurturiko haurren afera ez ahazteko eskatu zuten atzo Donostian eta Bilbon

Eguraldi kaskarrari aurre eginez, hogeina lagun elkartu ziren atzo Bilboko Plaza Biribilean eta Donostiako Artzain Onaren katedralaren aurrean, lapurtutako haurren afera ez hazteko eskatzeko. Horrez gain, kasuak argitzeko konpromisoa hartzera dei egin zieten erakundeei.

p020_f03_148x108.jpg

GARA |

SOS Haur Lapurtuak taldeak elkarretaratzeak egin zituen atzo Donostian eta Bilbon, lapurturiko haur jaioberrien kasuak ahantz ez daitezen aldarrikatzeko. Eguraldi kaskarrari aurre eginez, Bilboko Plaza Biribilean eta Donostiako Artzain Onaren katedralaren aurrean hogeina lagun inguru bildu ziren.

«Haur jaioberrien salerosketa, urtetako azpijoko itzela, salatu nahi dugu», gaineratu zuten.

«Ez dugu ahaztuak izan nahi» lelopean egin zituzten atzoko elkarretaratzeak, hilabete bakoitzeko lehen larunbatean egin ohi duten moduan.

Atzoko kontzentrazioetan bestelako leloa oihukatu zuten. Horrez gain, kasu guztiak argitzeko eskatu zuten. Horretarako ezinbestekotzat jo zuten erakundeek materialez eta diruz laguntzea, azken hilabeteotan Euskal Herrian agertu diren «kasu mordoa» argitzeko.

Konpromisoa eskatzen dute

Zentzu honetan, elkarteak dei zuzena egin zien Euskal Herriko erakundeei: «Utzi bestaldera begiratzeari. Hitzetatik ekintzetara pasatu eta konpromisoak hartu. Garaia da eta».

Joan den urtarrilaren 27an bai SOS Haur Lapurtuek bai gai honetan lanean diharduen Anadir elkarteak elkarretaratzea egin zuten Gasteizen. Orduan ere, erakundeei gai honetan konpromiso sendoagoak hartzeko eskatu zieten. 200 lagun elkartu ziren Ama Zuriaren plazan, eta haur jaioberriak non eta zein ospitaletan galdu zituzten azaltzen zuten kartelak erakutsi zituzten.

«Egia jakiteko eskubidea dugu», «Haurrak lapurtzeak ez du zigorrik», «Nork laguntzen ditu lapurrak?» eta gisako leloak erakutsi zituzten orduan, bai eta atzo aldarrikatu zutena ere, «Ez dugu ahaztuak izan nahi».

Soilik Gipuzkoan, jaioberritan haurra lapurtu zietelakoan 320 familiak jarri dute salaketa.

Donostiako Losa Ocariz familiaren kasuan, ustez jaiotakoan hildako alaba baten gorpua hilobitik ateratzean hilkutxa hutsik zegoela egiaztatu eta haur lapurretak egiaz gertatu zirela frogatzea lortu zuten. Gipuzkoan gisa horretako beste hamabi deshobiratze inguru egin nahi dituztela jakinarazi zuten.

Horrez gain, Gipuzkoan bertan, bere garaian lapurtuak izan ziren bost haur lokalizatuta dituztela gaineratu zuten elkarteek. Haur horiek saltzearen ordainetan lapurrek dirutan etxebizitza baten edo biren balioa jaso zutela esan zuten.

320 salaketa

Soilik Gipuzkoan, jaioberritan haurra lapurtu zietelakoan 320 familiak jarri dute salaketa. Horietatik, %10 inguru baino ez dituzte atzera bota epaitegietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo