Mikel laskurain | «Wilt» antzerki obra berriko protagonista
«'Wilt' sinesgarria da, baina era berean astakeria. Komiki edo abentura istorio bat»
Ostiralean Beasainen izan ziren Ados Teatrokoak, atzo Donostian, eta gaur Gipuzkoako hiriburuan errepikatuko dute emanaldia (Antzoki Zaharrean, 20.00etan). Oñati, Arrasate, Bilbo, Irun, Arrigorriaga, Durango, Zornotza izanen dituzte hurrengo helmuga. Guztira, 32 emanaldi euskaraz. Hasi bertzerik ez dira egin, eta hemendik aurrera gero eta gehiago disfrutatzera, jolasera, joango da aktore bergararra.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Lehendabiziko aldia da munduan Tom Sharperen nobelaren bat antzerkira ekartzen dutena, eta Ados Teatroak egin du, euskaraz, hizkuntzaren normaltasunaren alde urrats bat eginez. Horretarako, euskaraz bizi diren aktore ezagunekin osatu du taldea: Mikel Laskurain, Isidoro Fernandez, Aitziber Garmendia, Miren Gojenola, Koldo Losada eta Fernando Ruiz dabiltza herriz herri Garbi Losadaren zuzendaritzapean, eta gu protagonistarekin, Wilten papera egiten duen Mikel Laskurainekin, elkartu gara antzezpen eta antzezpen artean. Kontatu digunez, jendeak hagitz ongi jarraitzen du komedia nahasi burugabe hau, irri egiten du eta bukaerako txaloak hunkitzekoak dira.
Bakoitzak zuen euskaran antzezten duzue, eta euskalkiak aditzeko aukera du publikoak.
Batuaz gain, hiru euskara entzuten dituzte: Goierri aldekoaz Aitziber Garmendiak egiten du, Miren Gojenolak Lekeitioko euskaran, eta nik Bergarakoan. Gustura, betiere etxean erabiltzen dudan euskaran lan eginda, sinesgarritasuna ematea eta jendea konkistatzea errazagoa delako niretzat. Gainera, askotan apurtu egiten dut laugarren horma deitzen dioguna, zuzenean hitz egiten diot publikoari. Jendearen lagun egiten da Wilt eta konplize gisa hartzen du. Hori lortzeko, momentu batean inprobisatu behar izanez gero ere, erosoago sentitzen naiz etxeko euskaran. Jendeak ulertzen ditu euskalkiak: Basaurin, adibidez, Iraleko euskara ikasleentzako egin genuen, 450 etorri ziren, eta oso ondo pasatu zuten. Wilt ere irakaslea da, ikasleak agertzen dira, eta beste inork egiten ez zuen momentuetan egiten zuten barre.
Nolakoa da Wilt? Bera ulertzera iritsi zara?
Bai. Pertsona gizajo bat da, nortasun gutxikoa, nahiko beldurtia; ez daki gauzei aurre egiten eta egunerokotasunak eraman dezan lagatzen du. Ez du ezer egiten bere bizimodu eskasa aldatzeko: ez du lana aldatzen, ez da bere lankideekin haserretzen, bere emazteari ere baietz eta baietz erantzuten dio, oso menpekoa da... Nik neuk uste dut lehenago egingo niokeela egoerari aurre. Gizon hau ez dakit nola joan daitekeen lanera horrela egunero, ez dakit zelan jasaten duen horrelako andrea... Denean jaso besterik ez du egiten. Bestela, gizajo plantak nahiko erraz egiten ditut... Plantak, e! (barrez).
Gutxien uste dugunean inoiz pentsatuko ez genuen trantze batean egon gaitezke. Hilketaz akusatuta, alajaina!
Wilt gizajoa da, baina tontoa ez. Azkenean berak toreatzen ditu poliziak eta denak. Nahi duen gauza bakarra emaztea agertzea eta dena argitzea da, baina bitarte horretan, zelan logurak jota dagoen, deskantsatu ahal izateko gezur batzuk asmatzen ditu, egia sinesten ez diotelako. Sinesgarria gertatzen da istorioa, baina, era berean, denak dira astakeriak. Komiki edo abentura istorio bat da.
Kontaketa erritmoa arina da, eszena laburrak bata bertzearen segidan etortzen dira.
Antzerki sakonagoak ikusten ohituago daudenek pentsa dezakete luzetxoagoak egitea geneukala, baina nik uste publiko orokorrarentzat askoz hobeto dela horrela eta di-da batean pasatzen dela obrak irauten duen ordu eta erdia. Dena komisarian hasten da, eta Wiltek gertatutakoa kontatzen diharduen bitartean bere oroitzapenak agertzen dira eszenan eta atzeko proiekzioan. Komisariako galdeketa da dena lotzen duen haria eta horren bitartez jendea deskubritzen joaten da pertsonaiak zer egin zuen.
Erabateko espazio aldaketak egiten dituzue, ilunetatik igaro gabe, ikuslea atsedenik eman gabe istorioan harrapatzeko asmoa duzue, ala?
Pelikulen trailerren kutsua hartzen diot. Poliziakoa da, krimen bat ikertu behar dute, jakin-minak eramaten zaitu aurrera, erritmo biziz.
Gizaki arruntetatik abiatuz, erabat bihurritzen du Sharpek errealitatea.
Egia da panpina puzgarri bat zulo batera botatzen baduzu, zure emaztearen arropekin jantzita, eta norbaitek ikusten bazaitu, gainera kasualitatez andrea etxetik joana egonda inori ezer esateke, susmagarria izan daitekeela. Baina gero, kontatzeko moduan, dena puzten da, parodia eginaz, dibertigarriago egiteko. Konortea galtzen dut jai batean gehiegi edateagatik eta berreskuratzean pentsatzen dut panpina pitilinean sartu, topera puztu eta gero hustu egingo zela, eta horregatik gelditu naizela panpinarekin trabatuta. Fantasia pixka bat. Irreala da, baina sinistu daiteke, zergatik ez?
«Panpina puzgarria pitilinean sartu, topera puztu eta gero hustu egingo zen, horregatik nago trabatuta. Irreala da, baina sinistu daiteke, zergatik ez?»
«Dena komisarian hasten da, eta Wiltek gertatutakoa kontatzen duen bitartean bere oroitzapenak agertzen dira eszenan eta proiekzioan»