GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Pilota

Finalerdietatik kanpo geratu da Kurutxari

J.L.

Herve Etxeberrik eman zuen aurtengo lehendabiziko ezustea, egungo txapeldunorde eta finalean izateko faborito nagusietakoa zen Andde Kurutxari 40-39 mendean hartuta. Kasualitatea ala ez, atzoko final-laurdenetako bi kanporaketak emaitza berarekin amaitu ziren, bigarrengoan Patrick Ozafrainek 40-39 irabazi baitzion Thierry Harizmendiri.

Dudarik gabe, ezuste handia izan zen lehen kanporaketakoa, inork ez baitzuen uste Etxeberrik Kurutxari mendean hartuko zuenik. Hala ere, norgehiagoka bikaina izan zen, eta biek ere irabazteko moduan jokatu zuten. Etxeberrik oso partida ona egin zuen, gehienetan aurretik izan zen, baina azkeneko txanpara bizirik heldu zen Kurutxari, eta horrelakoetan oso arriskutsua da Nafarroa Behereko atzelaria.

35-35 berdindu ostean, Kurutxarik saketik hiru tanto egin, eta 35-38 aurretik jarri zen faboritoa. Bazirudien partida erabakita zegoela, baina Etxeberrik buelta eman eta 39-38 jarri zuen markagailuan. Kurutxarik berriro ere berdintzea lortu zuen, baina Lapurdiko aurrelariak azken tantoa egin eta garaipena lortu zuen, 74 minutuko saioaren ostean.

Saketik 9 tanto egin zituen irabazleak, eta 6, galtzaileak. Jokoan, hurrenez hurren, 24 eta 23 egin zituzten eta galdu, berriz, 10 eta 7. Partidako markagailua, aldiz, honela joan zen: 4-0, 9-9, 16-10, 25-12, 28-18, 31-28, 34-34, 35-35, 35-38, 38-38, 39-38, 39-39 eta 40-40.

Berdin

Bigarren kanporaketan Ozafrainek 40-39 irabazi zion Harizmendiri 78 minuturen ostean. Saketik 7 tanto egin zituen irabazleak eta 6, galtzaileak. Jokoan 26 eta 28 egin zituzten, eta galdu, berriz, 5 eta 7. Markagailuan honela joan zen: 0-2, 2-2, 3-7, 7-7, 8-8, 10-8, 26-16, 30-18, 30-24, 34-27, 35-31, 36-34, 37-35, 38-36, 39-39 eta 40-39. Bi irabazleak finalerdietan neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo