GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Dena da posible

Noski, presidentetzarako hauteskundeen bezperan, gai guztiak idekiak dira herritar oro hunkitzeko, botoak norberaren txapeldunarentzat biltzeko

Max Brisson eta Ikas-Biren arteko tirabira irakurri dugu. Ematen du elebitasunaren munduan bakoitza bere tokia bilatu nahian dabilela, publikoak arreta handiagoa ematen baitio euskarari eta lehen lerroan kokatzeko lehia martxan dago. UMPrentzat erronka inportantea da debatean, hizkuntzaren inguruko elkarrizketetan herritarrek ikus dezaten alderdia lanean, arduraz gainera ari dela. Brissonek Euskararen Erakunde Publikoko aitatzat du bere burua, elebitasuna bultzatu egin du, alegia harrabots asko eta funts gutxi euskararen geroarentzat. UMPrentzat funtsari heltzea ez da garrantzitsua, irudia eta itxura ematea da mamia, jendea konbentzitzeko bazterrak ongi zainduak direla.

Elebitasuna. Elebitasunak euskararekiko hurbiltasuna ekartzen duela ikusia da. Zoritxarrez hau ez da aski haurrak euskaraz mintzatzeko gai izan daitezen. Hau da hedatu nahi ez den errealitatea. Murgiltze sistemak du soilik euskaraz bizitzeko gaitasuna eskaintzen. Helburua euskaraz bizitzea baita euskara maite dutenentzat eta herri honi euskalduntasuna itzultzeko lanean ari direnentzat. Hau ez da UMPren proiektua, ondorioz diru apur batzuk emateko borondatea erakusten du, besterik ez; erreparaziorako behar den diru zama beharretatik oso urrun dago errealitatea. Hor gogoeta sakona beharrezkoa da euskal politikan ere. Politikak ez du erreparazioa aipatzen ere, politikak ko-ofizialtasuna aipatzen du, diplomaziaz aritu nahian. Koldo Izagirrek, artikulu batean, «hizkuntza lur puxka baten truke», zioen. Ez dakit Parisek diplomazia ulertzen duen bere interesekin aldarrikapenak talka egiten duelarik, ez baitu ez lurrik eta hizkuntzarik ezagutzen.

Baxoa euskaraz. Etxepare lizeotik abiatu da manifestaldia. Eskakizuna funtsezkoa da euskaraz ikasten duten gure haurrentzat. Burasoek aspalditik goaitatzen duguna Hegoaldeko unibertsitateak prest baitira Ipar Euskal Herriko ikasleak errezibitzeko ikaslerro guztia euskaraz egiteko.

Euskal unibertsitatea ez bada aski ezagutzen ere, hemen baxoa frantsesez egiteak traba izaten jarraitzen du, Seaskan ikasten dutenentzat unibertsitatean Euskal Herrian segitzeko. Frantses unibertsitateak erakarpen handia du oraindik gure aldean, gure gazteen indarrak kanpora igorriz. Baxoa euskaraz pasatzearen urratsak benetako aldaketa sortuko du, euskaldun guztien babesa merezi du.

Presoak. Pariseko Asanblea Nazionalean eta Senatuan presoak aipatu dituzte. Noski ez dute bat-batean euskal presoen hurbilketa onartuko edo bultzatuko, baina aitortu behar da berria dela, hemengo politikariak hemengo problematika bat han gainean zabaltzen, benetako gertakaria da! Noski presidentetzarako hauteskundeen bezperan, gai guztiak idekiak dira herritar oro hunkitzeko, botoak norberaren txapeldunarentzat biltzeko. Grenetek lan horretan bikain bat merezi du, sozialistak baino urrunago joan baita ezagutza politikoaren debatean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo