LEHIAKETA Gazteak
Leila Hurst eta Cayo Ibelli, 2011ko Juniorreko garaile
Iazko txapeldunen izenak ematearekin batera hasi da 2012ko Junior itzulia.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Joan den urtarrilean gazteen kategorian munduko tituluak eskuratu dituzten neska-mutilen izenak eman ditu ASP erakundeak. Horrekin batera, gazteen kategoriako itzulia osatzen duten hiru txapelketetatik lehena egin dute Australian.
Gazteen kategoria, 21 urtetik beherako lehiakideek osatzen dute, beraz horietako asko ikasleak dira. Hori kontuan izanda, ASP erakundeak urte osoa irauten duen itzulia egin ordez, soilik hiru txapelketek osatzen duten zirkuitua antolatzen du. Neskek zein mutilek data eta leku berean jokatzen dituzte hiru txapelketok.
Aurtengo itzulia urtarrilean hasi zen, Australian, Gold Coasteko olatuetan, eta irabazleak honakoak izan ziren; mutiletan Wade Carmichael australiarra eta nesken kategorian, berriz, Alessa Quizon hawaiiarra.
Itzuliko bigarren proba urriaren 6a eta 17a bitartean izango da, Indonesian, Bali irlako olatu bikainetan. Eta hirugarren proba, berriz, oraindik zehazteke badago ere, azaroan izango dela ziurtatu du ASP erakundeak.
Urteko lehen txapelketa honekin, iazko bi irabazleek Junior ASP titulua jaso dute. Mutiletan Cayo Ibelli brasildarrak eskuratu du txapela eta nesketan berriz, Leila Hurst hawaiiarrak.
Aipatu txapelketak gazteen kategoriako WCT zirkuitua osatzen dute; alegia, kategoria horretan dagoen maila goreneko zirkuitua da.
Mutilei dagokienez, 33 lehiakidek osatzen dute aukeratutako parte hartzaileen zerrenda, eta nesketan, berriz, 17 dira WCT zirkuitua osatzen duten lehiakideak.
Esan bezala, soilik hiru txapelketak osatzen dute goi mailako itzulia (WCT), baina bigarren mailako zirkuituan, alegia WQS mailan, txapelketa andana izaten da mundu osoan zehar.
Esate baterako, aurten, uztailaren 19 eta 22 artean Donostian izango dira gazteen kategoriako lehiakideak, eta jarraian, uztailaren 26 eta 29 artean, berriz, Sopelan. Beraz, gure kostaldean mundu mailako surflari gazteak ikusteko aukera izango da. Etorkizuneko izarrak ezagutzeko aukera bikaina da.