GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Kolore bako zapaburu malutak

«Tenperatura baxuekin gehiago irauten dute espermatozoideek. Garajean garagardoak gordetzeko hozkailu bat edukitzearen parekoa da. Edozein unetan etor daitezke lagunak». Belaunaldi berriak sortzearen aldekoak zaretenok, badakizue, hartu bainujantzia eta jaitsi hozkailua garajera. Oraintxe duzue aukera kolore bako zapaburu malutak beratzen jartzeko.

p054_f04_97x64.jpg

 

Negua iritsi da, halako batean. Aurten oraindik guztiz hoztu gabe zegoen itsasbazterreko ura pixkanaka hozten hasiko da, mendietako elurra urtu eta ibaietan barrena itsasoratzen hasten denean. Eta surflariok bero mantentzeko ahaleginetan jarraituko dugu.

Jack O'Neill surflari kaliforniarrak neguko ur hotzetan koskabiloak ez izozteko mila eta bat proba egin zituen, eta modu horretan diseinatu zuen egun neguan erabiltzen dugun neoprenozko ur-jantzia. Guk, ur-jantzi elastiko eta beroa janzten dugu, baina O'Neillek burura etortzen zitzaion ideia bakoitza itsasoko ur hotzetan probatu behar izan zuen benetan berotzen zuen zerbait egitea lortu arte. Eta seme-alaba asko izan zituen.

Irakurleren bat jada ari da pentsatzen, «eta zertara dator azken esaldi hori?», edo «ea zerekin datorkigun gaurkoan gizajo hau». Ba bai, barrabilak fresko mantentzeak haurrak izatearekin lotura zuzena du, eta barrabilak freskatzeak surfarekin ere lotura zuzena du, nire etxeko armairu enpotratuarekin duen lotura zuzen eta gardena bezala.

Gizonezkoek barrabilak zintzilik izatearen helburua zera omen da, zapaburutxoak fresko mantentzea. Christopher Ryan psikologian doktoreak oso ongi adierazten du adibide honekin: «Tenperatura baxuekin gehiago irauten dute espermatozoideek. Etxeko garajean soilik garagardoak gordetzeko hozkailu bat edukitzearen parekoa da, gizonok edozein momentutan lagunak etor daitezkeela pentsatzen baitugu».

Elkarrizketa interesgarria eskaini berri du Ryanek gai honen inguruan «La Vanguardia» egunkarian, baina ez noa ezer gehiago esatera, nire ahotik esanda, besteen hitzak ere, datu objektiboak ere, nahita edo nahi gabe, gaizki ulertuak izaten baitira. Beraz, gehiago jakin nahi duenak haren elkarrizketa irakur dezake.

Familia ikuspegi batetik begiratuta, barrabilak besaulkiko goxotasunera ohituta, zapaburutxoak hibernatuz, nahita edo nahi gabe, gure espezie hau desagertzera kondenatzen ari garenontzat ez dago barkamenik. Nik neuk, zutabe hau idazten ari naizen bitartean, kuxin goxo batekin ongi babestuak dituk nire lekak, eta gainera, izterrak gurutzatzen ditut, oraindik eta goxoago izateko.

Misantropoak garenok, gizakia maite ez dugunok, haurrik izateko inongo asmorik ez daukagula diogunok, ez daukagu zertan inongo esplikaziorik eman. Aldiz, belaunaldi berriak sortu eta DNAk jarraipena izatearen aldekoak zaretenok, badakizue, hartu bainujantzia eta jaitsi hozkailua garajera. Eguraldi bikaina daukagu hondartzara joateko, elur-malutak dabiltza mara-mara, oraintxe duzue aukera kolore bako zapaburu malutak beratzen jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo