GARA > Idatzia > Kultura

kronika | «arkitiriteroen» erakusketa donostian

18 zentimetro kubikoko kaxa txikietan amets erraldoiak kabitzen dira

Kaxa handi bat hartu, eta hamabi zati berdinetan banatu zuten, artista bakoitzak nahi zuena sar zezan. Herri eta diziplina anitzetako lagun hauek Donostian elkartu dira orain, eta kaxak zabaltzen hasi dira, banan-banan, gordetzen dituzten ametsak ateratzeko.

p058_f01.jpg

p058_f02.jpg

Maider IANTZI

«Arkitiriteroena» diziplina anitzetako jendea biltzen duen kolektibo irekia da. Iaz bloga sortu zuten, http://arkitiriteros.blogspot.com, euren ezinegonak eta ametsak idazteko, eta pixkanaka-pixkanaka ospe digitala lortu zuten. Orduan bururatu zitzaien ideia: «Zergatik ez dugu gure artean erakusketa bat antolatzen?». Valentzian egin zuten lehendabizikoa, Castellón hurrengoa eta Donostiako Gros auzoko Robin Banana tabernan ireki dutena hirugarrena da. Otsailaren 19ra arte egonen dira bertan eta ondotik Iruñera joanen dira, eta handik Zaragozara, Madrilera, Kanarietara...

Robin Bananan artelanak tabernako apaingarriekin nahasten dira, tokian erabat integratuta daudelako, eta zerbait hartzera sartzen denak aukera du artista gazteen obrak irakurri, ukitu eta eurekin jolasteko ere. Inaugurazio egunean besarkadak eta musuak ikusi genituen, taldeko anitzek Internet bidez soilik ezagutzen baitzuten elkar –lagunen lagunen lagunen lagunak ziren– eta orduan egon baitziren aurrez aurre lehendabiziko aldiz. «Hori da politena!», erraten zuten kontent. Galizia, Sevilla, Madril, Mexiko, Kolonbia... toki ugaritako lagunak dira arkitiritero.

Arkitektura lanak, bitxiak, argazkiak, eskulturak, marrazkiak... denetarik dago erakusketan. Donostiako Ibonek azaldu zigunez, ez zekiten nola elkartu hainbertze adierazpide desberdin, eta azkenean Correos-eko kaxa handi bat hartu eta hamabi zati berdinetan banatu zuten –18 zentimetro kubikoko kaxatan– bakoitzak nahi zuena sartzeko eta herriz herri erraz eramateko.

Begirik gabeko lekukoak

«Cuando nos sentimos pequeños, diminutos, absurdos... basta con alejarse un poco, mirar desde otra perspectiva, bailar nuestro propio ritmo y el resto del mundo girará con nosotros», dio Lizarrako Uxua Donblasen «Frágil» artelanari laguntzen dion testuak. Argazkiak dira, ukitu digitalekin.

Estitxu Castellanok, aldiz, Kitty Genoveseri New Yorken gertatutakoa hartu du oinarri txinatar egutegiekin osatutako obran. Kale erdian pertsona batek labankada bat eman zion poltsa lapurtzeko, eta emakumeak garrasika ordu erdi baino gehiago eman bazuen ere, eta poliziak hamaika lekukoren deiak jaso bazituen ere, inor ez zitzaion laguntzera hurbildu. Batzuetan, zenbat eta pertsona gehiago izan inguruan, orduan eta laguntza gutxiago jasotzen da, eta hori adierazteko begirik gabe marraztu ditu Castellanok lekukorik gehienak. Azkenean, Genovese odolustuta hil zen New Yorken bihotzean.

Kanarietako Jesus Martinezen kutxako zirrikitutik begiratuz gero, bere bizitzako paisaiak ikusten dira; eta Valentziako Juan Montaña arkitektoaren bidaia koadernoak irakurriz, bere pentsamenduak, bozetoak eta karreraren laburpen bat. Zintzilikatutako koadernoen artean, bat hutsik dago bisitarien letrekin betetzeko.

Ibon Alcoz donostiarrari errusiar panpinak gustatzen zaizkio eta horietaz oroituz, bata bertzearen barrenean sartzera jolasteko egurrezko kaxak eraiki ditu. Bakoitzak bere interpretazioa egin eta nahi bezala muntatu ditzake piezak. Oihane Pardoren muntaia bestelakoa da, kritika bat, «itsasora zikinkeriak botatzen jarraitzen badugu, jango ditugun arrainak plastikozkoak izango direlako eta gu, paperezkoak». Itsasoko animaliak zikinkeriaz egin ditu eta ur gainean bi arrantzale jarri ditu, paperez osatuak.

Lagun hauek ezinegonek eta gustuko dituzten gauzek elkartu dituzte, eta taldea «guztiz irekia» izatea nahi dutela da gehien nabarmentzen duten ideia. Arkitiritero izateko gauza bakarra egin behar da: parte hartu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo