GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteei lotutako estereotipoak apurtzeko, gazteek eginiko azterlan bat baino hoberik ba ote?

Gazteen gaineko azterketak eta hausnarketak maiz ikusi ditugu komunikabideetan, gehienetan gazteria alfer eta «pasota» itxurako bat aurkeztuz. Paradoxikoki, analisi horiek helduek eginak dira sarritan. Horregatik dauka «Eta gazteok zer?» txostenak horrenbesteko balioa, gazteei buruzko lehendabiziko azterlana delako gazteek egina.

p016_f01_181x140.jpg

Mikel Pastor

Antropologia, Soziologia, Filosofia eta Gazte Mugimenduko zenbait kideek jarri zuten martxan proiektua orain dela bi urte. Gazteen jarrerak eta ohiturak analista helduen eskutik irakurtzeaz nazkatuta, ikerketa berria ipini zuten abian, gazteentzako, eta gazteek egina. “Eta gazteok zer?” azterlanaren izenburua bera argigarria da oso, praktika eta diskurtso politikoan gazteok ditugun joera berriak aztertzen dituelako lanak. Garai eta gazte belaunaldi berrientzako, galdera eta analisi berrituak.

IPES elkarteak banatzen duen Julio Araluze bekak eman zion gazte ikertzaile talde honi lanean jartzeko parada ezin hobea. Amaia Nicholson eta Oier Azkarraga talde horren partaide izan ziren, eta proiektuaren hasierako urratsen eta eboluzioaren testigu ezin hobeak izan ziren.

«Proiektuari hasiera eman genionean argi geneukan zerbait ezberdina egin behar genuela, ohiko topikoetatik at», dio Nicholsonek, «klixe guztien gainetik, gaur egungo gazteriaren nolabaiteko erradiografia egitea».

Azterketaren eremua mugatzen

Lana hiru etapatan banatu zuten. Lehenik, esparru teorikoa mugatzea, taldearen tesi propioak aurkezteko. Bestetik, landa lana, baldintza batzuk betetzen zituzten gazteei elkarrizketa egiteko; eta azkenik, orain dela gutxi argitaratuko azterlanaren ondorioak, gure erreportajearen ardatz izango direnak.

Esparru teoriko propioaren eraikuntzan funtsezko garrantzia izan zuen taldeak kontsultatutako bibliografiak, bereziki Aztiker enpresak 2009an Gipuzkoako gazteei egindako ikerketa, hauen jarrera politikoa ikertzen zuena. Bertan, «gure lanerako oso interesgarriak izan zitezkeen zenbait datu aurkitu genituen», dio Amaia Nicholsonek.

Aztikerren ikerketak gazte gipuzkoarrak hiru taldetan banatzen zituen: batetik, militantzia politiko garbia agertzen zutenak, kausa baten alde esfortzu guztia egiteko prest zeudenak; beste muturrean, edozein jarduera politikoz paso egiten zuten gazte kopuru handia aurkitu zuten. Eta beltzaren eta zuriaren arteko gris horretan aurkitu zuten gure ikerlariek haritik tiraka segitzeko gizarte tarte ezin hobea: jarduera politikoari heldu arren, militantzia konstantea eta aktiborik ez duten gazteak, alegia.

Emaitzak ikusita, ildo horretatik jarraitzea erabaki zuten, «tarte hori gazteriaren joera berrien eredu ona izan zitekeelako», Azkarragak dioen bezala. Gazte multzo hori beste hiru taldetan banatzea erabaki zuten: batetik, elkarte kultural edo musikaletan parte hartzen duten gazteak; bestetik, kaleko kirol ekintzak egiten dituztenak (parkour, skatea ...); eta azkenik, gizartea modu batean edo bestean aldatu nahi dutenak (auzokideen elkarteak, euskara bultzatzeko plataformak, eta abar).

Landa-lana ikerketaren bigarren urratsa izan zen, eta 25 elkarrizketa egin zituzten, aipatutako gizarte tarteko beste horrenbeste pertsonarekin.

Elkarrizketatuak anitzak izan ziren oso, «Norte Apache rap taldeko kide batetik  hasita, Baxe Nafarreko dantza taldeko kide batera, antzerki talde bateko kidetik pasatuta», dio Azkarragak.

Elkarrizketak sakonki aztertu ostean, gazteriaren egoerari buruzko zenbait ondorio  orokor atera zituzten. Halere, haiek esan bezala, «ikerketak ez dauka errepresentatibo izateko inolako nahirik», eta hortaz ez da grafiko edo estatistikarik ageri, hausnarketa «kualitatiboa delako, ez kuantitatiboa».

Ondorio hauek, aldi berean, beste hiru azpiataletan banatuta daude. Lehendabizikoak militantzia praktikarekin daude lotuta eta bertan agerikoa da «militantzia politiko ezberdinak uztartzen direla», Oier Azkarragak azaldu bezala.

Bigarren ondorio nagusia diskurtsoaren eta praktikaren arteko koherentzia edo erlazioa izango litzateke; hau da, teoria eta akzioa ze neurritan datozen bat. Azken ondorioa lotuta dago kolektibitatea zer den ulertzeko modu berriarekin, eta taldeak ulertzeko joerak nola aldatu diren erakusten du.

Talde berriak, jarrera berriak

Norberaren diskurtsoaren eta praktikaren arteko erlazioa «nabarmen» aldatu da, ikerketaren arabera. Azken urteotan, gazteen artean praktika da nagusi, «egitea, akzioa», diskurtso edo teoria puruaren gainetik.

Aldaketa honen oinarrian «gizartearen desideologizazio sakona» dago, ikerleek azaldutakoaren arabera. Berehalakotasunaren kultura jakite teorikoari gailendu zaio, ziur aski «sistemak eta munduak berak horretara bultzatzen dituelako belaunaldi berriak», nahiz eta, Nicholsonen ustetan, «iraultza egin nahi duen bakarkako edonork, bere buruagatik hasi beharko luke».

Halere, diskurtso-praktika erlazioan sor daitezkeen azpitalde guztiak «ez dira batere zurrunak», Azkarragaren esanetan, gaien eta egoeren arabera erlazio hori zuzenagoa delako, eta askotan «diskurtso politikoa bera praktika delako, eta alderantziz».
Ikerketarekin jarraituz, jokaera kolektiboan ere zenbait aldaketa gertatu dira. Historikoki, bi talde mota egon dira: zurrunak; konpromiso maila altua eskatzen dutenak, eta; eta askeagoak, konpromiso exijentzia txikiagokoak, boluntarioagoak.

Egindako hausnarketak argi erakusten du bigarren aukera hau aise nagusitzen ari dela: «Gaur egungo gazteek nahiago dituzte talde irekiak, dogma gabekoak». Horregatik, aztertutako taldeetan, «ez zegoen batere argi nor zen elkarteko partaide eta nor ez», mugak izugarri difuminatu direlako. Taldeetan, gazteek parte hartze propioari «balio handia ematen diote», Azkarragak azaldu bezala. Taldearen totem hori ahuldu egin da, «gaurko gazteek kolektiboak gustuko dituzte», baina «kide bakoitzak bere izaerari eutsi nahi dio»; hau da, norbanakoa kolektiboaren partaide izatea, baina bakoitzak bere berezitasunak propio mantenduz.

Praktika politikoak gauzatzeko erak aldatuz joan dira, belaunaldi berriak agertzen joan diren heinean. «Ordutegi eta leku oso zehatz bat» zuten lehen, eta gaur egun, aldiz, «egunerokotasunean barneratu dira». Aipatutakoaren adibiderik garbiena, manifestazioa da. Gaur egun, «manifak mantentzen dira», baina protesta egiteko edo antolatzeko «eredu berriak, orain arte ezagunak ez zirenak, agertu dira», dio Azkarragak. Horren harira aipatu dute pasa den maiatzean piztutako 15-M mugimendua. «Antolatzeko modu guztiz berritzailea izan zen, innobatzailea», eta are gehiago dio Azkarragak «etorkizuneko praktika politikoak hortik jo dezake».

Halere, kontuan hartu behar da aldaketa hauek «ez direla absolutuak», eta praktika eta diskurtso politikoak «eboluzioa izaten joango direla», betiere «betiko identitate zeinu batzuk» mantenduz.

Espero gabeko arrakasta izan dute egindako ikerketaren aurkezpenetan

“Eta gazteok zer?” azterlana pasa den urteko azken hilabeteetan  bukatu eta gero, herrialdez herrialde aurkeztea erabaki zuten ikerleek, «debaterako erraminta baliagarri» bihurtzeko asmoz.

Orain arte egindako aurkezpenetan, hasieran «espero baino jende gehiago» bildu dela aitortu ziguten ikerketaren egileek.

«Hala ere, geure helburua ez da arrakasta izatea», dio Azkarragak, «eztabaida sortzeko ahalmena duen instrumentua» eratzea baizik.

Azterlana Interneten aurkitu daiteke, ikerketaren titulua bilatzaileetan idatziz. Euskal Herriko hainbat elkartek (gazte asanbladak, talde kulturalak,...) erabili dute jada “Eta gazteok zer?” liburukia, honen inguruan hitzaldiak edo mahai-inguruak antolatzeko.  M.P.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo