GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Hegoak zabalduta

Proposamen batekin natorkizue, azkenean negu itxura hartu duen neguko astebete honetarako; arratsalde-gauak etxean sartuta eman beharrean, beste pertsona batzuen beroarekin batera, ezohiko zineaz gozatzeko, eta bere bitartez, oraindik ere ikusezin bizi diren sentimendu, harreman eta ikuspuntu anitzetara hurbiltzeko. Zinegoak 2012 gay-lesbo-trans jaialdia gaur hasiko da, Bilbon.

Bi emakume gazteren arteko maitasun istorioa Iranen, «Circumstance». Kuban sexua berresleitzeko lehen ebakuntza egin zuen emakumearen gogoeta, 80ko hamarkadatik hona bere emakumetasuna eraiki duen modua zalantzan jarriz, estereotipoen indar eta eraginari helduta, «En el cuerpo equivocado». 90eko hamarkadan abiaturiko bestelako pornoa ulertzeko eta egiteko beste modu bat, emakumearen ikuspegitik eta industria horretan ordura arte izandako papera iraulita, Bartzelonan garatzen den eszenara hurbilduz, «Mi sexualidad es una creación artística». Txileko hegoaldean boxeolari baten eta sukaldari laguntzaile baten artean sortzen den maitasuna, eta aurrera egiteko zailtasuna, nahastea, ihes egiteko nahia, «Mi último round». Eta abar; eta abar oso interesgarri eta aberatsa.

Zinegoakek, batik bat, bestearengana hurbiltzeko eta, haren azalean denboratxo bat emanda, gehiago ezagutzeko eta ulertzeko aukera eskaintzen du. «Desberdin» diren horiek, desberdintzat jota sexualitatean baino ez oinarrituta, desberdin bihurtuta eredu nagusitik aldentzeagatik, desberdinetik ezer ez eta pertsonak besterik ez direla ikusteko parada. Haragiz, odolez, sentimenduz, arazoz eta ametsez egindako pertsonak, lurrazal honetan gauden guztion moduan. Baina, hala ere, isolamendura bultzatuak.

Zinegoakek, batik bat, maitasunak, sexuak, erraiek, ez dietela ezarritako arauei men egiten erakusten du; maitasunak bizitza propioa duela, erakargarritasuna ekidinezina dela, erraiek ez dutela lurraldetasunaz edo inposaturiko ereduez ulertzen. Pertsona bezainbeste istorio dauden heinean, bihotz bezainbeste sentimendu, egun oraindik harreman afektibo eredu bakarrari eutsi nahia absurdo hutsa da, eta, gainera, lehen eta orain, gezur handia. Eta, kasu honetan, zinearen bitartez, gezur horretatik atera eta norberaren eredua norberak ezartzeko eskubidean sinesten dutenekin bat egin dezakegu. Jende asko eta askoren bizimodura hurbilduz, ikusiz, besteekin elkartuz; zine honek erakutsi nahi duenak, esan nahi duenak guztiokin duela zerikusirik alde batera utzi barik, istorio horiek guztiak, norberarena bezala, neurri berean, gure artean daudelako, pertsonak, denak, pertsonak garelako. Gure artean desberdin, baina zuzenak eta okerrak, hobeak eta txarragoak, ez.

Bestearen aurreko hiru jokabide daude: erasotzea, ezikusiarena egitea eta hurbiltzea, harremanetan sartzea, ezagutzea. Denbora gehiegiz jokatu da lehen bi moduetan gay, lesbiana edo transexualekiko; denbora gehiegiz ukatu zaie jendartean heterosexualen maila bera. Horretarako, nahitaezkoa da pertsona horiek ikustea, kontuan hartzea, eta horregatik dugu Zinegoak hirugarren jokabideari heltzeko gonbita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo