GARA > Idatzia > Kultura

Asteburu hotz eta elurtsuan Arabako Kuadrilla Txapelketak hainbat txoko berotu ditu

Gasteizko Gaztetxean jokatutako saioak eman zion hasiera ostiralean Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketari. Larunbatean Zalduondon izan zen saioa eta atzo berriro ere Gasteizen.

p056_f02.jpg

Arabako Bertsozale Elkartea | GASTEIZ

Gasteizko Gaztetxean jokatutako Gasteiz-Aiaraldeko ligako saioarekin abiatu zen ostiralean taldeka jokatzen den Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa. Tenperatura hotzarekin baina giro beroan bertso sortetako bi talde eta bat-bateko beste bi aritu ziren 90 bertsozaleren aurrean. Afaldu ostean, Beñat Goitia gai-jartzaileak hartu zuen hitza bertso idatzizko bi taldeak aurkezteko. Gasteizko Gaztetxea taldeak eta Aguraingo Gazte Asanbladakoek, papera eskuetan, ikuskizun polita eskaini zieten bertsozaleei.

Horren ostean, bat-bateko saioari hasiera eman zioten. Bi taldeen bertsolariek agur kolektiboan Ekaitz Samaniego kartzelan dagoen Gasteizko Muinoko Katuak taldeko kidea aipatu zuten, «Samaniego, Samaniego, Ekaitz Samaniego etxean» leloa abestuz. Saio goxoa eskaini zuten Gasteizko bi talde gazteek. Trikitixa eta panderoaren laguntza ere izan zuten saioa are gehiago girotzeko. Saioa parekatua izan zen, baina talde batek irabazi behar zuenez, epaileek Eguzkilore taldeari eman zioten garaipena bat-batekoan.

Txapelketak, Santa Ageda bezperako eguerdian, Zalduondoko Zeledon toki elkartera salto egin zuen, eta bertan Zalduondoko Zeledonen seme-alabak eta Aguraingo Sorginetxe nor baino nor lehiatu ziren Lautada-Arabako Errioxa ligako lehen garaipena lortu nahian. Babarrun ederrak dastatu ondoren, saioari ekin zioten.

Hasteko, Barrundiako Mintzalagunak eta Araiako Gaztetxekoak taldeetakoek bertso idatziak kantatu zituzten, eta euren herrietako pasadizoak modu umoretsuan kontatu zituzten. Barrundiakoek Santxa Otxoa de Ozaetak abesturiko kopla zahar batzuk berreskuratu zituzten saio horretarako, 1464an eginak; Araiakoek, mozorroturik, guztien irribarrea atera zuten.

Bigarren partean, Zalduondokoak eta Aguraingoak aritu ziren, nor baino nor. Unai Olalde gai-jartzaileak eman zizkien gaiak gogoz zorroztu zituzten: udaletxeen diru-arazoak, sare sozialen ondorioak, lagunen arteko komeriak eta ezezagunekin ligatu nahiaren ondorio garratzak, besteak beste. Bertan egon ziren bertsozaleen txaloek merezimenduz saritu zuten bertsolarien ahalegina. Aparteko giroa egon zen elkartean, eta lehia baino lagunen arteko jaia zela zirudien. Horregatik, epaimahaiak zein taldek irabazi duen adierazi zuenean, poz-txistuek eta txaloek eman zioten bukaera saio hunkigarriari. Txistu guztien gainetik eta txalo guztien azpitik, Aguraingo sorginek irabazi zuten.

Elurragatik bertan behera

Zuiako ligak ere larunbatean hasi behar zuen, baina elurraren ondorioz Izarrako taldeak ezin izan zuen Aramaiora iritsi eta zoritxarrez saioa bertan behera gelditu zen, beraz, datozen egunetan erabakiko da saio hori noiz jokatuko den. Eta asteburuko azkeneko saioa, Gasteizko ligako lehena, igande eguerdian jokatu zen.

Kakiturri-Ehari elkartea bete zuten 50 bertsozaleen aurrean, bertso sorten lehiaketan, Aldapazaleak taldeak Green Capital izendapena hartu zuen gaitzat eta Bertsoaren Saltsan-ek alde guztietan izaten ari diren murrizketak.

Bat-bateko saioan, urteetan jende aurrean ibili gabe egon ostean Kakiturri-Ehariko taldekide gisa, Xabier Riko bertsolaria entzuteko aukera egon zen eta Bertsoaren Saltsan taldean hiru bertsolarik lehenengo aldiz kantatu zuten jendaurrean. Saioa giro onean jokatu zen eta Kakiturri-Eharik irabazi zuen etxean jokatutako saioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo