GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Ipuinen lekuak

Grabazio batean ikusi nuen orain dela gutxi. Lagun batek erakutsi zidan. Quebec-eko merkatu batean jende andana sartzen da. Musikariak dira gehienak, biolina, soinua, gitarra eta antzekoak jotzen, kalejira ederra osatuz. Eraikinaren erdian dagoen plazatxo baten erdian dagoen mahai baten gainera biolinista bizarzuri bat igo eta istorio bat kontatzen hasten da, musikariek jotzen jarraitzen dutelarik.

Gero eta jende gehiago hasten da biltzen mahaiaren bueltan. Kontalaria alde batera eta bestera jiratzen da hitza ahoan eta gorputzean, adoretsu, musikariak lagun. Istorioa amaitzear dagoenean, kontalariaren inguruan sekulako jende multzoa bildu da, festa giroan. Egun horretan, merkatua erosteko leku baino erromeria leku bihurtu zen, une batez bederen.

Garaiotan gero eta pribatizatuago geratzen ari den kalea bizipozak hartzea, herritarrak beraiek hiriaren bizitzaren garapenean protagonista bihurtzen laguntzea da. Eta istorioak kontatzeak hiriaren espazioak irudimenez betetzen lagun dezake.

Baina ipuinek bestelako espazioak behar dituzte. Kontalari batek sortutako ipuin ikuskizunak bestelako lekuak ere behar ditu. Ipuinak kontatzea ez da, besterik gabe, jendea istorio ederrekin liluratzea. Baldintza desegokietan, lilura zapuztu egin daiteke. Ipuin ikuskari batek leku egokiak behar ditu, kontalariak bere lana txukun eskain dezan, publikoa eroso egon dadin.

Ederra da merkatu bateko mahaian igota ipuin bat kontatzea erosketan dabilen jendeari, espazio publikoak humanizatzen baititu, baina ipuin ikuskariak humanizatzeko bestelako lekuak ere behar dira.

Antzokiak igual?