GARA > Idatzia > Kultura

Giro beroa eta entzule ugari, Nafarroako Bardoak 2012ko lehen asteburuko saioetan

p042_f01_97x76.jpg

GARA | IRUÑEA

Elurra, izotza eta hotza oztopo bilakatu arren, ez zuten lortu Bardoak 2012ko saioetan berotasun izpirik galtzea. Osotara, Nafarroako taldekako txapelketako lau saio egin dira pasa den asteburu honetan eta horietan guztietan nabarmentzekoa izan da egon den giro bikaina -hiru saio afariarekin izan ziren-, entzule kopurua -250 entzule osotara- eta saioek eman duten maila ona, Nafarroako Bertsozale elkarteak azaldu zuenez.

Hiru izan ziren ostiralean egin ziren taldekako txapelketako saioak. Donezteben, Casino elkartean afaria egin ondoren, bertso saioa jokatu zuten Malerrekako Jituk eta Barañaingo Beteranoak taldeek. 80 bat entzule elkartu ziren herriko Casino elkartean, bertsolarien lanarekin gozamen handia hartu eta azkenean Jituk taldeak eraman zuen jokoan zegoen puntua. Barañaingo taldean nabarmentzekoa da Ander Baianoren debuta eta txapelketako bertsolari gaztearen lana, 15 urteko Mikel Lasarterena.

Ordu berean bertso afaria izan zuten Lesakan, herriko Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak eta Iruñeko Xirristi-Mirristi taldeek. 40 entzule inguruk segitu zuten saioa eta azkenean etxekoentzat izan zen saria. Saio honetan beste bertsolari batek izan zuen jendaurrean lehen aldiz kantatzeko aukera, Iruñeko Xabier Zarralukik.

Eta ostiraleko hirugarren saioa Iruritan izan zen, herriko gizarte etxean. Bertan Baztango Bar-ideak eta Berako beratarrak aritu ziren, 50 entzuleren aurrean. Azkenean, etxekoek eraman zuten saioa eta beren lehen puntua.

Larunbatean jokatu zen asteburu honetako azken saioa, Elizondon. Herriko Kultur Etxean egin zen saiora 80 bat lagun hurbildu ziren. Bertsotan, Baztango Lepatanatuek taldea eta Larraungo Hautsi ta barratu aritu ziren. Lepatanatuek taldeak azken orduko aldaketa bat egin behar izan zuen, Jon Barberenak ezin izan baitzuen aritu, eta haren ordez Julen Zelaieta beratarra aritu zen. Epaileek zein entzuleek hala erabakita, baztandarrek irabazi zuten saioa.

Nafarroako taldekako txapelketak bizi-bizirik segituko du asteburu honetan, zazpi saio jokatuko dira Bera, Barañain, Txantrea, Intza, Aniz, Leitza eta Iruñean. Horien gaineko informazio osoa www.bardoak.com atarian aurkituko duzue.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo