GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga Filosofian lizenziatua

Elkarbizitza al da helburua?

Azken hamarkadan Euskal Herrian ideologia humanista jakin bat gailendu dela esan daiteke, ezkerreko hainbat alderdi politiko zein eragile sozialetatik hasi, zentrotik pasatu, eta eskumara doan espektro soziologiko guztia zipriztindu duena. Zenbat aldiz entzun behar izaten dugun egunero, batzuk harrotasunez aldarrikatzen: «Lehenik eta behin demokratak gara!». Lehenik demokratak, frankismoan ere gauza guztien gainetik demokrata izan behar zen moduan. Badakigu, ordea, lehen bezala orain, ze «demokraziaren» demokratak diren hori esaten duten guztiak.

Dena den, kontua hau da: ideologia humanista neoliberal hau bizitza politikoan ideologia hegemoniko bihurtu da. Zer da hegemonia? Antonio Gramsci sardiniarrak formulatutako kontzeptu horrek marxismo klasikoaren ideia esentzialista batekin apurtzen zuen, hain zuzen, subjektua, a priori, kulturaz, hizkuntzaz eta abarrez kanpokoa dela zioen ideiarekin.

Hori kontuan hartuz, operazio hegemonikoak zera adierazten du: esanahi partikular batek esanahi unibertsal baten lekua betetzen du (adibidez, espainiar gizartearen gehiengo batentzat, bakeak? kontzeptu unibertsal eta hutsa? ETAren biolentzia eza? gauza partikular bat, hortaz? adierazten du). Hegemonia, beraz, kontzeptu edo gai unibertsalen inguruan esanahi partikular bat finkatzen duen prozesua da, indar sozial batek lidergo politiko, intelektual eta moralaren bidez lor dezakeena, Gramsciren aburuz. Behin indar sozial baten diskurtso eta praktika politiko bat hegemoniko bihurtzen denean, haren balio eta ikuskerak garai historiko oso baterako geratzen direla pentsatzen zuen sardiniarrak.

Hori da ideologia honek lortu duena, bere balio etiko eta politikoak hegemoniko bihurtzea. Ze balio txertatu ditu? Lehenik eta behin, gatazka honetan helburu nagusitzat elkarbizitza eta berradiskidetzea predikatzen du, guztientzako inperatibo moral eta lege gisa ezarri nahi dutena: konflikto politikorik gabeko bake demokratiko santua, alegia. (Orain berradiskidetzean «adituak (?!)» ere ugaldu zaizkigu txanpiñoiak bezala, alajaina!).

Elkarbizitza balio eta helburu gorena izanik (zapalkuntzak eta injustiziak elkarbizitzaren azpitik dauden kontuak dira, beraz, elkar-bizi gaitezen zapalkuntza nazional, linguistiko, sozial...? egoeran), ideologia hori ezinbestean eskumako eta neoliberal bihurtzen da. Izan ere, alde batetik, espazio publikoa eta bestetik, kapitalismoa zein edozein kolektiboren zapalketa harmonizatzea du xede, bake soziala lortzeko helburuarekin. Azken finean, kapitalismoaren eta demokraziaren erreforma etikoa baino ez du bilatzen. Izan ere, balio demokratiko abstraktuak gero eta dogmatikoago predikatzearen bidez?, edota konpetentzia estatalak areagotuz, baita ere?, humanismo honek ulertarazi nahi du kapitalismoaren zein demokraziaren efektu errepresibo eta kriminalak ez direla haien faktore estrukturalen ondorio, baizik eta etikoki hobetzea posible den sistema baten akzidenteak. Horrela, esaterako, ez bakarrik kapitalismoaren aurrean, are gure gatazka politikoan dagoen korapilo politikoari begira, giza eskubideen diskurtso absolutu eta biolento bat egituratzen du, gatazka bera sortzea ahalbidetu duten baldintza sozial, moral eta politikoak haren diskurtsotik at utziz.

Giza eskubideak absolutu etikotzat predikatuz, norbanakoa eskubide naturalen jabe eta gizartearen aurretiko subjektu gisa imajinatzen du; hau da, gizabanakoak beren botere erlazio eta erlazio sozialetatik, eta euren hizkuntza, kultura eta ekintza soziala posible egiten duten praktika guztietatik aske imajinatzen ditu, faktore guzti horietatik abstraituz (horregatik, hain zuzen, anti-marxista). Azken finean, Chantal Mouffek «The democratic paradox» liburuan esaten duen bezala, «ikuskera arrazionalista horietan baztertu egiten da, hain zuzen, subjektu demokratiko baten existentziaren baldintzak zeintzuk diren definitzeko auzia».

Eta are gehiago esan daiteke, giza duintasunaren eta giza eskubideen predikamentu absolutuak («giza eskubideak dira irizpide etiko nagusi eta eztabaidaezinak», Lokarri erakundearen printzipioetako bat) gizartean eraiki eta irabazi gabe dauden irizpide batzuk izanik, ez poliziak, ez Estatuak, ez Jaurlaritzak, ez Elizak, ezta inork ere konplitzen/bermatzen ez dituenez, de facto, disidentzia demokraziaren jokoan sartzeko estrategia besterik ez dira.

Humanismo horrek, errealitate politiko eta soziala edozein delarik ere, eskubideen defentsa absolutua predikatzen du, giza eskubide zibil eta kolektiboen alde borrokatu eta gizartean praktikan (eta ez teoria manikeo batean) absolutu egiten saiatu direnen kontra, paradoxikoa dirudien arren. Ideologia hau disidentziaren ahotsa isiltzeko instrumentu bilakatzen da, hortaz.

Humanismo honen etikak bi aurpegi garrantzitsu ditu. Batetik, diferentziaren edo «bestea»-ren etika du oinarrian. Bestearenganako (beltza, homosexuala, musulmana, moroa, ijitoa, abertzale erradikala...) errespetua eta onarpena predikatzeko, «Bat»-a (zuria, heterosexuala, euskaldun demokrata... balore humanista mendebaldarrak dituena) aurresuposatzen du. Bat hori abiapuntutzat hartu eta bere propietate moralekin bat datorren «Bestea» errespetatzen du, ez besterik. Adibidez, «herri honetako etorkinak ez dira egokiro diferenteak `integratuak' ez diren bitartean; hau da, euren diferentzia ezabatu behar dute lehenik» (Badiou, A. Etika. Besatari. 1996), berdin-berdin ezker abertzaleko erradikalak, balio demokratikoetara etorri behar dira onar ditzagun, eta abar. Horrela, ustezko diferentziarekiko errespetua predikatzen duen multikulturalismo hori zapaltzaile eta kasik arrazista bihurtzen da.

Alain Badiouk «Etika» liburuan dioen bezala, «betiko tolerantzia zaharra, [...] `Beste' ospetsu hori ez da aurkezgarria, ez baldin bada `beste' on bat; hots, nor gure berdina baino hobeto? Diferentziekiko errespetua, bai horixe! Baina, arretaz: diferentea demokrata-parlamentarioa, merkatu-ekonomiaren aldekoa, iritzi askatasunaren euskarria, feminista, ekologista... baldin bada. Horrela ere esan daiteke: nik diferentziak errespetatzen ditut, diferentea den horrek zehazki aipatu diferentziok nik bezala errespetatzen dituen neurrian».

Bestetik, humanismo honen etikaren beste aurpegi bat Ilustrazioko etika kantiarra da: behin eta berriz esaten digu gizakia helburu gisa tratatu behar dela, eta ez bitarteko gisa. Gizakia helburutzat tratatu beharra ondo dago arrazoi ilustratuan, arrazoi puru eta garbi baten baitan: praktikan, ordea, de facto, gizakia bitarteko gisa tratatzen da beti, besteak beste, lanaldiari prezio bat jartzen zaionean.

Hortaz, berriz ere abstraktua den etika honen erabilpenak helburu politiko zehatz bat du: humanismoaren diskurtso guzti honetan integratuta ez dagoena indarrez sartzea, zapalkuntza eta gizakiaren kondizionamendu konkretuak kontuan hartzen ez dituen etika abstraktu honekin.

Kontuz! Humanismo hau kritikatuz gero, arin erantzungo digute, antihumanismoaren gorazarrea egiten gabiltzala. «Izan ere, zer da hau baino `logikoagoa': humanismoa ukatzen duenari basakeriaren baieztapena besterik ez zaiola geratzen esatea?», zioen Heideggerrek ironikoki Gutuna humanismoari buruz (Klasikoak, 2004) idatzian. Falazia horren gainetik, ezkerrari ere kutsatu zaion humanismo biolento eta hegemoniko honi aurre egiteko ordua heldu dela dirudi; bestelako ikuspegiak zabaltzeko ordua.

Althuserrek esaten omen zuen, teorikoki antihumanistak eta praktikan humanistak izan behar genukeela: ez da ideia txarra. Hortaz, ez da nahikoa ideologia honen predikatzaileen kontra beronen kontraesanak azpimarratzen ibiltzea (boterean ez dagoen humanistak diskurtso berarekin lurperatzen baikaitu, hark ez daukalako kontraesanik, bai ordea, boterea hartu berri duenak); aitzitik, alde batetik, diskurtso horren erraiak biluzi behar dira, eta bestetik, gure balioez bete bakea, demokrazia, giza duintasuna eta askatasuna bezalako kontzeptu hutsak.

Herri borroka eta borroka instituzionala kamuts izango baitira borroka ideologiko honi adarretatik heltzen ez badiogu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo