GARA > Idatzia > Ekonomia

Aramaio Baserri Barri, nekazaritza eta kultura uztartu, Herria biziberritzeko ekimena

Gorbeia mendiaren inguruetan, Aramaioko herritarrak bertako lehengaiak eta kultura sustatzeko lanean dihardute buru-belarri. Horrela, Aramaio Baserri Barri proiektuari esker, baserriko produktuen salmenta zuzena berreskuratzea lortu dute, ez baitago jaki freskoak baratzetik etxera eramatea bezalakorik.

p024_f01.jpg

Iraia OIARZABAL

Lur aberatsak ditu Aramaiok; hala izan ditu betidanik. Nekazaritza ordea, galdutako lanbidea izan da azken hamarkadetan. Duela lau urte, bertako biztanleek lehen sektorea biziberritzea erabaki zuten arte. Horrela, bertako produktuak sustatu eta herritarren beharrak herritik asetzeko asmoz, Aramaio Baserri Barri ekimena jaio zen duela bi urte. Hasieran hiru baserritar talderen ekimenez hasitakoak, herriko bederatzi talde bereganatu ditu dagoeneko.

Aitor Larrañaga Aramaioko Landa Eremuaren Garapenerako dinamizatzaileak eta Ramon Ajuria herriko alkateak azaldutakoaren arabera, proiektuaren jaiotza Aramaion oso ugaria den fruitu batek ekarri zuen. Izan ere, bertako sagar uzta oparoa dela eta, baserritarrak horri probetxua atera beharra zegoela ohartu ziren. Urte luzez, sagarrak erori eta nola galtzen ziren ikusi behar izaten zuten barazkizaleek, eta azkenean, bertatik zukua eta sagardoa egiteari ekin zioten.

Hortaz, herriko 26 baserri Aramaioko Sagarzaleen Elkartean (ASE) batu eta sagar zukua egiteko prentsa handi bat erosi zuten lehenbizi. Ordura arte, nor bere baserrian prentsa txiki batekin aritzen zen; handik aurrera, aldiz, prentsa hobe batekin produktuaren kalitatea hobetzeko eta kantitatea handitzeko lanean hastea erabaki zuten. Tresneria erosita lehen pausoa emana zegoen arren, ekoizpen handiago bati ekiteak beste behar batzuk ere bazituen. Hain justu, prentsa erosi berria sartzeko eta sagar zukua zein sagardoa egiteko instalazioak behar zituzten, eta orduan Udalak jokoan sartzea erabaki zuen. Aramaioko sagar zukuaren lehen tantak Udalak biltegi gisa erabiltzen zuen lokal batean sortu ziren.

Herritarren parte hartzea da Aramaio Baserri Barri ekimenaren oinarria eta garapen iraunkorra bideratzea du helburu. Hala, laster hasi ziren beste baserritar batzuk sagarzaleek urratutako bideari jarraitzen. Gaur egun, barazkizaleek, esnezaleek eta ganaduzaleek ere badute beren elkartea. Modu honetan, industriaren eztandak eragindako nekazaritzaren gainbehera azkenera iritsi zen.

Noski, baserritarrek produktuak merkaturatzeko nahiarekin ekin zioten lurrak lantzeari. Aramaioko kontsumo taldearen bitartez, gaur egun ortutik etxeko sukaldera zuzenean eramaten du otarra bertako bizilagun askok. «Helburua produktuak herrian ekoiztu eta banatzea da, bitartekorik gabe», azaldu zuen Larrañagak. Dena dela, lehentasuna aramaioarren beharrak asetzea bada ere, beste herri batzuetako erosleek ere ateak zabalik dituztela argitu zuen, beti ere, zuzeneko salerosketaren filosofia errespetatuz.

Pausoz pauso, aurrera

Aramaio Baserri Barri ekimenak aurrera egin ahala, aurrerapausoak emateko nahia ere haziz joan da herritarren artean, eta lanaren erritmoak ere egitura eta tresna hobeak exijitzen zituen. Eraikitze prozesuan dagoen Ikerkuntza eta Berrikuntza Zentroa asmo horien beste emaitzetako bat da. Sagarzale Elkartekoak laster ikusi zuten azpiegitura handiagoak behar zituztela; izan ere, urtean jasotako 100.000 sagarrekin 60.000 litro zuku egiten dituzte eta Udalak hasieran utzitako lokala txiki geratu zaie. Hein handi batean, sagarzaleen behar horri erantzun nahian erabaki zuten ikerketa zentroa eraikitzea. Beste erabilpen batzuk ere izango dira, gainera; besteak beste, barazkiak eraldatzea, mintegiak eta dastatze saioak egitea.

Ikerketa eta transformazio guneak 600 metro koadro ditu guztira, bi solairutan banatuta. Lehenengoan herriko lehengaiak ustiatzeko tresnak daude; zehazki, sagar zukua egiteko linea bat, barazki kontserbak egiteko beste bat eta esnekiak transformatzeko hirugarren bat daude. Gainera, epe laburrean marmelada egiteko tresneria erosi eta ekoizpenari ekitekotan dira zenbait baserritar. Larrañagak azaldu zuenez, ikerketa zentroaren bigarren solairuak funtzio sozialagoa betetzen du. Horretan, ikastaroak eta jardunaldiak egiteko gela bat, laborategi txiki bat eta dastatze saioak egiteko azpiegiturak daude.

Bestalde, Aramaion dagoen sagarren aniztasuna dela eta, ASEk herriko sagar mota guztiak berreskuratzea du helburu. Historian atzera eginda, Aramaion sagar mota oso zaharrak eta beste herri batzuetan aurki ez daitezkeenak daudela azaldu zuen Ajuriak. Baserritarren ondare nagusia ei da aniztasun hori. Horregatik ohitura izaten jarraitzen du baserri bakoitzak bere sagardoa eta sagar zukua egitea. Horrela, prentsa guztien artean erosi bazuten ere, zukua nork bere etxean egiten jarraitzen dute, sagar aldaera bakoitzak ezaugarri eta zapore bat ematen baitio sagar urari.

Esnezale eta barazkizaleek ere bidean aurrera egin dute ekimena sortu zenetik. Kasu honetan, beharrak bultzatuta, elkarlanean hasi ziren. Gaur egun, hiru esne ekoizle daude Aramaion eta, esne zentral handien ezezkoa jaso ostean, euren ekoizpena batzeari ekin diote, osterantzean galdu egingo baitzen. Barazkizaleei dagokienez, oraingoz bakoitzak bere kabuz egiten du lan, baina oinarrizko akordio batzuk erdietsi dituzte elkarren arteko lehia ekiditeko. Astero, kontsumo taldearekin jarritako hitzordura otarra beteta eramatea da euren zeregina.

Aramaio Baserri Berri ekimenak erantzun bikaina jaso du herritarren artean. Batetik, erosle eta saltzailearen arteko harreman zuzena ahalbidetzen du, produktuaren jatorria gertutik ezagutzeak dakarren abantailarekin. Bestetik, herriari bizitasuna emateko modu bat da; kontuan izan behar da gainera, herritarren zati handi batek hartzen duela parte proiektuan, Aramaiok 1.500 biztanle inguru ditu eta horietatik 600 baserrian bizi dira. Herriaren garapenean hondar ale bat jartzeaz gain, galdutako ohitura eta lanbideak berreskuratzen laguntzen du herritar bakoitzak.

Industriaren garapenaren ondorioz euren lanbidea sektore horretara bideratzea erabaki zuten gazte askoren jakin-mina ere piztu du Aramaioko ekimenak. Larrañagak kontatu zuenez, gazte ugari hurbildu dira proiektuari buruz galdezka, bertan parte hartzeko asmoz. Bere hitzetan, oso positiboa da gazteen interesa piztea; hala ere ondo hausnartu beharreko erabakia dela aitortu zuen. «Guk ezin diegu ezer ziurtatu», gaineratu zuen, eta lurra lantzeak xarma berezia duen arren, lantegiko lana etorkizunean zer ekarriko duen ez dakigun lanbide bategatik aldatzea burubide zaila da.

Kultur ondarea

Lehen sektorearen garapena da Aramaio Baserri Barri ekimenaren ardatza. Horrekin batera, herria biziberritzea ere proiektuaren helburu argia izan da hasieratik. Zeregin horretan, bertako lehengaiak erabiltzeaz gain, Aramaiok duen kultur ondareari etekina atera behar zitzaiola ondorioztatu zuten. Aramaioko Ondarea Berreskuratzeko Taldea (AOBT) Aramaio Baserri Barri egitasmoko kide da eta, izenak dioen moduan, herriaren aberastasun historiko eta kulturalak indartzea eta ikusaraztea du xede.

Orain arte ekimen ugari abiatu ditu; ezagunena Murugaineko indusketa proiektua da. Arrasate eta Aramaio artean dago Murugain mendia; bertan, Erdi Aroko herrixka baten aztarnak eta gerra zibileko lubaki baten arrastoak zeudela-eta indusketa lanak egitea erabaki zuen AOBTek. Ajuriaren ustez, herrian turismoa sustatzeko interesgarriak izan daitezke Murugainen aurkitutakoak, eta, horretaz gain, herriak interesgune ugari dituela azaldu du, batik bat paisaia aldetik. Horregatik, landa turismoa egiteko leku aproposa dela deritzo, eta, aisia, eredu estandarrak albo batera utzita, naturari lotuta garatzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Aramaioko ekimena ezagutarazteko, erakusketa ibiltari bat antolatu dute sustatzaileek Mairuelegorreta landa garapeneko elkartearekin batera. Hamahiru informazio panelen bitartez, parte hartzen duten talde bakoitzaren funtzionamendua azaltzen dute, baita ekimena martxan jarri denetik sortu diren hiru proiektuak ere.

«Ez dugu eredu itxura eman nahi», zioten Ajuriak eta Larrañagak, baina dagoeneko zenbait herritatik hurbildu zaizkie proiektuari buruz galdezka. Hori dela eta, egitasmoaren berri ematea interesgarria izan zitekeela otu zitzaien, beste herri batzuetan oihartzuna izan dezan. Erakusketa Zuia, Urkabustaiz, Zigoitia, Arratzua-Ubarrundia eta Legution izango da ikusgai.

Birari amaiera emateko, proiektuari bizia eman dion tokira itzuliko da, Gorbeialdeko mendien babesera. Sustatzaileek argi dute: herri bakoitza mundu bat bada ere, Aramaion abiatutako bideari jarraitzeak eredu ekonomiko iraunkor eta parte hartzaile bateranzko bidea ireki lezake.

Baserretik bizitzea posible dela erakutsi duen proiektua

«Proiektu honek baserritik bizitzea posible egiten du». Hala baieztatu du Kepa Lizarralde baratzeinak. Sagarzale elkarteko kidea da Lizarralde eta hasieratik egon da Aramaio Baserri Barri ekimenari lotuta. Proiektua sortu zutenean taldeko gazteenetakoa zen eta azken garaian, egungo lan egoerari aurre egin nahian, interesatuta inguratu diren gazteak gehiago direla dio.

Proiektuarekin pozik agertu da, batik bat herriko produktuak indartzen dituelako eta bezeroekiko harremana sendotzen duelako. Ostera, «ez dugu ezer berria egin, ohitura berreskuratzea baino», onartu du.

Aurrera begira, horrelako ekimenak ugaltzea espero du: «Mundua aldatzeko modua hau da, nor bere herritik hasita, multinazionalen aurrean galdutako baloreak berreskuratuz», aitortu du. I.O

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo