Berezkoen Buruz Buruko finalerdiak
Sakeak eta errestoak erabakigarriak izango dira
Waltari Ezkurraren aurka neurtuko da lehen finalerdian, eta Ozafrain, Etxeberriren aurka, bigarrengoan.
Jon LEUNDA
Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalerdiak jokatuko dira gaur Baionan, 17.00etatik aurrera. Lehen partidan Waltari eta Ezkurra II.a neurtuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Etxeberri eta Ozafrain arituko dira, finalera sartzeko asmoarekin eta itxaropenarekin.
Bietan, dudarik gabe, lehenegoa da erakargarriena. Zaleek bazuten berriro ere Ezkurra eta Waltari elkarren aurka ikusteko gogoa. Azken urte hauetako bi onenak izan dira, eta final dezentetan ere neurtu izan dira. Ezkurrak, ordea, lesio ugari izan ditu, eta arazo horiek azkeneko bi denboraldietan ez diote utzi duen guztia erakusten.
Badirudi arazo horiek erabat baztertu dituela eta orain bere lana erakusteko moduan izango dela. Azkenaldian oso partida onak egin ditu, eta saiatuko da Waltari estutzen, baina ez du batere lan erraza izango.
Kubakoa da faboritoa. Txapelduna da, eta bera Modernen menderatzea oso zaila izango da. Lapurtarrak badaki errestoan ongi aritu behar duela. Sakeak erantzuteko garaian asmatzen ez baldin badu, garaipena lortzeko aukera gutxi izango ditu. Ongi erantzuten badu, eta amerikarrari sakea kentzen baldin badio, irabazteko dezente izan dezake, baina bestela ez.
Bi pilotariak datoz partida bat jokatuta, eta bietako inork ez zuen lan handirik izan bere kanporaketa gainditzeko orduan, oso erraz irabazi baitzituzten beren norgehiagokak. Gaur galtzen duenak, ez du txapela lortzeko aukerarik izango.
Beteranoa
Jarraian kantxaratuko dira Ozafrain eta Etxeberri. Hauek ere finala jokatzeko asmoz arituko dira, baina biek ezingo dituzte helburuak bete. Ozafrain da faboritoa. Badaki txapelak janztea zer den, eta eskarmentu handia du; horrelako partidetarako, garrantzitsua. Etxeberri da aurtengo ezustea. Lehen kanporaketetan hasi zen lehian, eta jadanik hiru gainditu ditu. Orain beste bat gehiago gainditu nahi du. Hala ere, ezusterik handiena, joan den astean eman zuen, Kurutxari mendean hartu ostean. Hura zen finalean sartzeko beste faboritoa, baina lapurtarrak baztertu egin zuen, eta orduan bezalaxe, galtzeko gutxirekin aterako da gaur.
Ezkurraren eta Waltariren arteko partida izango da bietan erakargarriena, azken urte hauetako bi pilotaririk onenak neurtuko baitira elkarren aurka.