GARA > Idatzia > Euskal Herria

Negua agurtzeko eta udaberriari ongietorria emateko, askotariko festa Euskal Herrian barrena

Euskal Herri osoan inauteri giroa barreiatua da egunotan, eta lurralde bakoitzak berezko eran ospatzen du festa. Atzo Tolosako inauteriek lehen eguna izan zuten; Donibane Garazin, ostera, igandean emango diote ongietorria udaberriari, Libertimenduaren bitartez .

p024_f02.jpg

Idoia ERASO

Zuberoan maskarada egiten den legez, Nafarroa Beherean Libertimendua egiten da. Urtetan ohitura galduta egon bazen ere, azken urteotan berriz ere ospatzen hasi dira, bai Donapaleun bai Donibane Garazin. Hiriburuan igande honetan ospatuko dute Libertimendua. Garaziko karriketan zehar dantzari, bertsolari eta antzezle gazteek neguari adio esan eta udaberriari harrera eginen diote besta giroan.

Goizeko bederatzietan hasiko da kabalkada herrian zehar. Hamaiketarako libertimendu antzerkia, dantza eta bertsoak eginen dira. Antzerkian urteko gertakarien kontakizun umoristikoa egiten dute zirtzilek. Aitzitik, Libertimenduaren zentzu osoa ulertzeko Santa Agedarekin hasten den bestara jo behar da, neguaren besta da eta Santibate du izena. «Zirtzilen besta eguna da, negua errepresentatzen du eta etxez etxe txerriki xerka joaten da, txerria hiltzen den garaia baita. Itsusiz mozorroturik egiten da etxeen itzulia», azaldu zuen Garaziko Libertimenduaren antolatzaileetariko Patxi Oillarburuk.

Neguaren ondotik udaberria dator, eta hori da Libertimenduaren besta. Bolanta pertsonaiaren besta da; zuriz jantzia joaten da, gibelean kolorezko bandak zintzilik dituela eta buruan txano luze bat duela. «Bolanta garbitasunaren sinboloa da, zirtzilak kanporatzen ditu udaberriko argitasunak neguko iluntasuna botatzen duen bezala», adierazi zuen Oillarburuk.

Libertimenduak dantza eta antzerkia uztartzen ditu. Dantzak garrantzi handia hartzen du karriketako kabalkadan zehar, antzezle eta bertsolariak atzetik joaten direlarik. Gero, herriko plazan geldirik denek hartzen dute parte Libertimendua izena hartzen duen ohituran. Hiru zatitan antolatzen da antzezpena; aldiro, dantza, antzerki eta bertsoak eskaintzen dira herriko plazan. «Zirtzilek antzerkia egiten dute urteko istorioekin; baztertuak izaten dira eta politikoki bere tokia hartu nahi izaten dute, baina bolantak (dantzaria) ere bere tokia hartu nahi du eta borroka egiten dute, eta azkenean bolantak irabazten du, argiak», nabarmendu zuen antolatzaileak.

Igandean Garazin eginen den Libertimenduko antzezlana Nafarroako lizeoko ikasleek eginen dute. Antton Luku antzezlea irakasle izanik, urtero prestatzen dute Libertimendurako kontakizun antzeztua. Dantza Garaztarrak dantza taldearen esku izango da, eta dantzaria ere baden Oillarburuk tarte horren tokia nabarmendu zuen: «Dantzaren tokia inportantea da zinez».

Thierry Truffaut etnologoak iritzi hori baieztatu zuen: «Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak elkartzen dituena dantza da; inauterietan oso garrantzitsua da eta kalitate handikoa. Dantzari hoberenak aukeratzen dituzte inauterietan dantzatzeko, eta ikasi egin dute besta horretarako, ez da Lantzeko inauterietan bezala, non edonork dantza dezakeen», azaldu zuen .

Libertimendua urteetan zehar ahantzia izan zen eta Antton Lukuren lanari esker berreskuratu da. Zortzigarren urtea da Garazin Libertimendua egiten dela eta zazpigarrena, Santibate egiten dela. Berreskuratze hori Amikuze eskualdera ere zabaldu da. Han joan den astean egin zuten Libertimendua eta lehen aldiz Santibate ere ospatu dute aurten. Nafarroa Beherean bezala, Ipar Euskal Herri osoan zehar galtzen ari zen ohitura zela baieztatu zuen Truffautek: «Duela 30 urte inauteriak ia desagertu egin ziren, baina orain berreskuratzen ari dira; gauza berri batzuk ere egiten dira».

Lapurdiko Zanpantzarra

Lapurdiko herri gehienetan datozen egunetan ospatuko dira inauteriak, bertako berezitasunekin. Eskualdeko inauteriek lau bereizgarri dituzte. Garaian herri guztietan egiten ziren bigantxa lasterketak dira ezaugarrietako bat, baina egun Hazparnen soilik mantentzen dira. Larunbat honetan eginen dira arratsaldeko seietan, Zanpantzarren ibilaldiaren ondoren. Izan ere, hori da Lapurdiko inauterietako pertsonaia nagusietako bat. Lantzen Miel Otxin deritzoten pertsonaia honek iragan urteko gertakari txar guztiak batzen ditu. Aldiro, antzezlan baten bitartez, urteko gaiztakeria guztiak egozten dizkiote, eta epaitu ondoren erre egiten dute. Epaiketa hori asteburu honetan Urruñan, Azkainen, Bardozen, Ahetzen... eginen dute.

Zanpantzarren epaiketarekin bukaera ematen zaio herrian zehar egiten den ibilaldiari. Bi ibilaldi mota izaten dira. Alde batetik, zirtzil edo maskak egindakoak dira, negua irudikatzen dutenak. Hego Euskal Herrian «mairu» izendatzen diren pertsonaia horien jantziak etxean aurkitu arropa muturrekin egindako jantzia daramate. Europa osoko inauterietan atzematen den pertsonaia horiek lasaitzeko zenbait tokitan jakiak ematen zaizkie, esaterako, Azkainen. Larunbatean, arratsaldeko bostetan eginen da desfilea Larrunen magaleko herri horretan.

Beste desfile bat ere egoten da, baina hau aldiz oso ongi antolatua eta kalitatezko jantziak daramatzaten pertsonaiekin, kaskarotekin hain zuzen. Herriko dantzari hoberenek hartzen dute parte. Sarritan, ibilaldi honetan Hartza pertsonaia ibiltzen da, inguratzen den jendea izutzen. Animalia honek lurraren esnatzea irudikatzen du. Toki batzuetan bi desfile hauek batera egiten dira; Urruñan esaterako, non larunbat arratsaldean ikusten ahalko diren inauteriko pertsonaiak. Ona eta txarra, negua eta udaberria irudikatzen dituzten pertsonaiok inauterietako bestaren izaeraren ezaugarri nagusietako bat dira. Beltzak, zirtzilak edo maskak, gorri, bolanta edo kaskaroten aurrean galtzen dute aldiro, udaberriaren etorrerarekin.

Tradizioari berritasunak ere elkartzen zaizkio eta ohituraz inauteria ospatzen ez zuen Lapurdiko hiriburuan zenbait ekintza antolatu dira. Gazte Asanbladak bertso-triki poteoa antolatu du gaur arratsalderako Baiona Ttipiko tabernetan. Herriko Etxeak bestalde, asiar inauteriak antolatu ditu, Txinaren urte berrian oinarrituta.

Berritasun horien erakusgarri da Uztaritzen antolatzen den Hartzaro festibala ere. Aurreko asteburuan hasi eta asteburu honetan amaituko da; inauterietan, eta izenak dioen bezala, hartzaren aroan egiten da. Inauteri tradizionalean oinarritu ikusgarriei tokia ematen die, eta festa tradizionalari buruzko mintzatoki ere bada. Larunbatean Thierry Truffauten hitzaldi bat izanen da, eta etnologoak 33 urtez Lapurdiko inauteriei buruz egin ikerketa lanaren aurkezpena egingo da.

Mozorroak, txistorra eta txikiteoa

Eta, noski, ezin aipatu gabe utzi Tolosako inauteriak. Atzo, 12.00etan puntu-puntuan eman zioten hasiera suziriarekin, ostegun gizenarekin bat. Tolosarrak arropa gutxirekin atera ziren kalera, ohiturei jarraiki kuadrillek tabernak bereganatu baitzituzten. Tabernariek txistorra dohainik zuten prest pote baten truke eskuratzeko. Aurretik makina bat egun dituzte jaiez gozatzeko, asteartera arte, hain justu. Zaldunita egunean, igandean, herriko musika bandaren eskutik, dianak jarriko du martxan egunik ospetsuenetarikoa. Atzetik txarangek jarraituko dute festa alaitzen. Igandean, berriz, mimoz egindako karroza koloretsuak aterako dira kalera, irudimena astinduta antolatutakoa erakustera.

Tolosako Udalak festen aurkezpen ofizialean bisitariei garraiobide publikoak erabiltzera dei egin zien. Horren karietara, Renfe konpainiak zerbitzu berezia jarri du abian igandetik asteartera bitartean. Zerbitzu hori Irun eta Brinkola arteko linean izango da, goizeko zazpi eta erdiak arte. Igandean, esaterako, 39 tren berezi ibiliko dira. Trenez gain, autobus zerbitzu bereziak ere jarriko dituzte datozen egunetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo