GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mozorro jaiak, ikuskizunak eta kalejirak protagonista, Gernikako inauterietan

p024_f05.jpg

GARA | GERNIKA-LUMO

Heldu dira inauteriak eta Gernika-Lumo ere prest da jai giroari heltzeko. Datozen egunetarako Udaleko Kultura Sailak era guztietako ekimen ugari antolatu ditu adin guztietako herritarrak ase nahian. Hartara, antolatutako kalejirek, dantza ikuskizunek, kontzertuek, adin guztietarako mozorro jaiek, euskal dantzek eta jokoek udalerriko txoko guztietara helaraziko dute jai giroa.

Gaur, arratsaldeko sei eta erdietan eta zazpietan dantza erakustaldia izango da Pablo Picasso kalean. Bestalde, Bertso Eskolako ikasleek Foru Plazan dute hitzordua. Hortik hasita, koplak kantatzen ibiliko dira kalez kale gaueko zortzietatik aurrera. Horrez gain, ordu horretan Amerikar Erako Kiniela Torneoa izango da Jai-Alai frontoian. Bestetik, 21.30etik 22.30era eta 2.30etik 3.30era Juan Calzada eta Industria kaleetako tabernetan Happy Hour izenekoa egingo dute, txokolate- eta mokadu-jana doan izango dira mozorrotuta joaten direnentzat. Horren ostean, Katu Buru batukadak erritmo brasildarrak ekarriko ditu Gernikara. Emanaldia 22.00etan hasiko da Merkurio kalea abiapuntu hartuta.

Merkatu Plazan arratsaldeko 17.30ean hasiko den txokolatada eta mozorro jaia eta Elai Alai dantza taldearen eskutik ikusi ahal izango den Lantzeko inauteriaren kalejira (19.00etatik aurrera) izango dira otsailaren 18rako antolatutako ekimenik garrantzitsuenak.

Otsailaren 19rako aldiz, eguerdiko hamabietan, Marroen aurreskua eta Lantzeko inauterien erakustaldia izango da Foru Plazan, eta ordu eta toki berean 14.30era arte lehorreko kukaina, oilar jokoa eta tostada banaketa izango dira. Eguneko azken ekitaldia arratsaldeko bostetan izango da Lizeo antzokian, hain zuzen: «Magiklown» ikuskizuna.

Aurtengo inauterietako programa luzeari amaiera emateko, otsailaren 20an eta 21ean gazteentzako mozorro parkea izango da, Merkatu Plazan arratsaldeko bostetan. Gazteek soilik ez, ordea, nagusiek ere izango dute jaiaz gozatzeko parada; pasealekuan izango da hori, gaueko zazpietatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo