GARA > Idatzia > Kultura

Gasteizko Udalak dirurik gabe utzi du Arabako Bertsozale Elkartea

Azken lau urteotan izandako hitzarmena bertan behera uztea erabaki du Gasteizko Udalak. 50.000 euro ematetik, inolako abisurik gabe, zentimorik ez ematera pasa dela salatu zuen atzo Arabako Bertsozale Elkarteak, eta erabakia atzera botatzeko eskatu zion Marotoren gobernuari.

GARA | GASTEIZ

Gasteizko bertso proiektu guztia kolokan jarri izana leporatu zion atzo Arabako Bertsozale Elkarteak Javier Marotoren udal gobernuari. Azaldu zutenez, 2012an udal aurrekontuetan Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearekin azken lau urteotan izan duen hitzarmena bertan behera uzteko erabakiaren berri hedabide eta alderdi politikoen bidez jaso dute, «baina Udalaren inolako azalpenik jaso gabe. Are gehiago, azaroan Encina Serranorekin -Kultur Plangintzaren eta Jai Zerbitzuko gobernu kontseilaria- izandako bileran krisiaz eta murrizketez hitz egin genuen arren, ez zuen erabateko mozketarik aipatu ere egin», esan zuten.

Elkarteak dozena pasatxo erakunde eta ikastetxeren babesa jaso du, baita Bildu, EAJ eta PSOE alderdi politikoena ere. Bezperan Bilduk egin zuen moduan, dagoen dirua gaizki banatzea egotzi zion elkarteak Udalari: «Aurrekontu hauekin egin dena lotsagarria iruditzen zaigu: dagoena modu arrazional batean banatu beharrean, batzuk mantendu, proiektu berri distiratsuak sortu eta beste batzuk kleenexak bezala zakarretara bota dituzte. Hori da gure kasua».

50.000 euro eman beharrean ez omen diote ezer emango aurten elkarteari, eta euskararen biziraupenari egiten dion kalte larriaz ohartarazi zuten: «Euskarazko kultura eta gaztelerazko kultura ez daude inondik inora ere ekonomikoki eta politikoki maila berean. Euskarazko kulturak ezin du plaza eta zentimo bakar bat ere galdu. Biziraupena dago arriskuan». «El euskara no se toca», Maroto alkateak esandako hitzak, gezur hutsa direla nabarmendu nahi izan zuten. «Alderdi Popularrak gobernuan egonik bultzatu zuen Euskara biziberritzeko Plan Nagusiarekin erabateko kontraesana da gure hitzarmena bertan behera uztea», erantsi zuten.

Ikastetxeak, bertso-eskolak...

«Gu ere bertsolari» proiektuaren bidez, Gasteizko 700 haurrekin ari da lanean Arabako Bertsozale Elkartea. Bestalde, martxoaren 24a bitartean jokatzen ari den Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketako bat-bateko bost talde ari dira Gasteizen elkarren arteko lehian, eta zortzi dira bertso-sorta kolektiboen lehiaketan diharduten taldeak, 100 lagun guztira. Bertso-eskolei dagokienez, lau talde ari dira lanean hirian.

Arabako lehen bertso-eskola Gasteizen sortu zen duela 30 urte, «zoritxarreko urteurrena Gasteizko bertso-eskolarentzat», gogoratu zuten. «30 urte luze hauetan euskararen berreskuratze prozesuaren eskutik joan da beti bertsolaritza, ekarpena egin diogu eta bertatik edan dugu, elkar elikatu dugu. Euskara sua izan bada, bertsoa hauspoa. Elkarren beharra daukagu eta izango dugu aurrerantzean».

«Sinetsi nahi dugu, Gasteizko Udala ez dela kontziente bere erabakiaren ondorioez», esan zuten, «eskaera argia egin nahi diogu: bere erabakia atzera bota dezala».

Kuadrillek jai, eta Bardoek lehen faseari amaiera emango diote

Arabako Kuadrillen Arteko Txapelketan ez da asteburu honetan saiorik izango, datorren astean ekingo diote berriro. Bardoek, ordea, lehen faseko azken saioak jokatuko dituzte. Gaur hiru saio izango dira. Iruñean hiriburuko Xirristi-Mirristi eta Oronoz-Malerrekako Erauntsi taldeak ariko dira. Saioa Zaldiko Maldiko elkartean izango da, 19.00etan. Leitzako Aurrera elkartean (21.30). Lesakako Arrano elkartean, afalostean herriko Rimak Exkaxko eta Araitz-Beteluko Mailope izanen dira aurrez aurre. Bihar bi bertso saio izango dituzte dituzte, Uitziko Merkualde elkartean (Larraungo Hautsi ta Barratu eta Auritz-Iruñeko Bertze maldikoak) eta Iruñeko Arrano elkartean (Dizerdit eta Bilixkorriko). GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo