GARA > Idatzia > Euskal Herria

BBVAk bere mesederako hezkuntza programa abiatu izana salatu dute

«Etorkizuneko balioak», BBVAren heziketa programa, Bizkaiko hainbat ikastetxetan abian dago egun. Horren bidez, bezero gehiago lortzeko, BBVAk «finantzez duen ikuspuntua inposatu nahi duela» salatu dute.

p023_f01_098x133.jpg

Jon ADAN | BILBO

BBVAren Aurkako Platafomak STEE-EILAS, LAB, ELA eta CGT sindikatuen babesarekin, BBVAk Euskal Herrian, Estatu Espainolean zein Hego Amerikan azkenengo bi urteotan zabaldu duen finantzen inguruko heziketa programa salatu zuen atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan. «Etorkizuneko balioak» (Valores de Futuro) izeneko programaren bidez, euren esanetan, «banku horrek etekin komertziala lortzeko hezkuntzan egiten esku-sartze interesatua egiten du».

BBVA bankuaren esanetan, «Etorkizuneko balioak» DBHko 1. eta 2. mailako ikaslei begirako heziketa programa da, finantza arloko hezkuntzari lotutako gaiak jorratzen dituena, eta diruaren erabilera onaren inguruan informatzea du helburu nagusi. BBVAren iritziz, 2009-2011 urteen artean 26 milioi euro jaso egin dituen programa honek bankuak bereganatutako «solidaritate eta zuhurtzia» kontzeptuak zabaldu eta «diruaren erabileraren inguruan» informatzea lortu du, 6 eta 14 urte bitarteko milioi bat ikasle baino gehiagoren artean.

BBVAren Aurkako Plataformak, aldiz, programak bestelako irakaspena ematen duela azaldu zuen: kontu korronte bat nola irekitzen den, (ikasleek BBVAren sukurtsal batera bisita ere egiten dutela) edota etxe baten hipoteka zer den. Alde horretatik, plataformak, heziketa programa horrekin BBVAk honako asmoak bete nahi dituela esan zuen: alde batetik, «bezero berrien ehiza kanpaina sustatzea, eta bestetik, BBVAren mesedetan, ikasleak, pertsonen eta giza balioen gainetik, dirua protagonista nagusi bilakatzen duen sistema kapitalistan eta kontsumo gizartean barneratzea». «Hori da finantza heziketa-programa horren atzean dagoena», salatu zuten.

«Interes komertziala» nagusi

Atzoko prentsaurrekoan esandakoaren arabera, Bizkaian lau ikastetxe parte hartzen ari dira proiektu honetan (bi pribatu eta bi publiko), Bilboko hiru ikastetxe eta Erandioko beste ikastetxe bat, hain zuzen ere. Horietako batean, DBHko 1.mailako ikasleek burututako jarduera bat BBVAn kontu korrontea zabaltzea izan dela adierazi zuen BBVAren aurkako plataformak. Jarduera horrek «BBVAren interes komertziala» agerian uzten duela salatu zuten. Bestetik, «Etorkizunerako balioak» transnazionalek, programak eskainiz, bezeroak lortzeko egiten duten beste programa korporatibo bat baino ez dela ere esan zuten. «Programak, opariak, eraikuntzak eta eskolak eskaintzen dituzte beren ekimenetan parte hartu eta beren izena presente izatearen truke».

Plataformaren esanetan, euren asmoa helburu horiek oztopatzea eta BBVAk gauzatzen dituen «politika eta inbertsio kutsakorren bidez» sustatzen dituen benetako balioak zeintzuk diren salatzea da. Hartara, BBVAk diruari ematen dion erabilera «zikina» salatu zuten, «ingurumena hiltzen duten» megaproiektuak finantzatzen dituelako; Kurdistango Illsu urtegia eta Patagonian egindako presa hidroelektrikoa, adibidez.

Gauzak horrela, proiektua oztopatzeko, sindikatu, gurasoen elkarte eta ikasle taldeen arteko elkarlana beharrezkotzat jo zuten. «Kalitatezko hezkuntza bat ezin daiteke BBVA bezalako finantza enpresa handien interesen menpe egon», adierazi zuten Plataformako kideek.

BBVA-REN USTEZ

«Etorkizuneko balioak» finantza arloko gaiak jorratzen dituen ikasleei zuzendutako heziketa programa da eta diruaren erabilera onaren inguruan informatzea du helburu nagusi.

PLATAFORMA

BBVAren aurkako plataformak bankuak bestelako helburuak dituela salatu zuen: «Bezero berrien ehiza kanpaina sustatzea eta, BBVAren mesedetan, ikasleak sistema kapitalistan eta kontsumo gizartean barneratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo