Mikel Jauregi Kazetaria
Zuritik beltzera
Sarritan gertatzen da burua zuri geratzea orrialde zuriaren aurrean. Zutabe zuri eta hasi gabearen aurrean. Zein gai hartu, nola jorratu eta gorpuztu, zein amaiera izan dezakeen irudikatu... Itxurazko zeozer osatu nahi eta, arrazoi bategatik edo besteagatik, ezin asmatu. Ez da kasua. Aste honetarako bazen nahikoa helduleku: herritarrei «etsai» deitu dien poliziaburuarena, Rosa Diezen show exhibizionistarena, langabeak beharrera Laponiara bidali nahi dituen CEOEko ordezkariarena... Baina guztiak joan ziren pikutara asteartean, Guardia Zibilak bi herritar indarrez etxetik atera zituen unean bertan.
Zuritasunarentzat ez da kasik lekurik izan geroztik. Hasierako ezustekoak eragindako hutsunearena akaso, eta suminak estututako hortzetan islatutakoa gero.
Aitzitik, bizpahiru egun hauek kolore eta tonu guztietatik izan dute. Malkoaren urdinetik, goibeltasunaren moretik, ahotik jausitako birao eta «kaka zahar» guztien marroitik, haserre biziaren eta madarikazioaren gorritik, ezintasunaren eta etsipenaren grisetik, Guardia Zibilaren uniformearen berdetik -itxaropenarena oso ezberdina da-, epailearen togaren beltzetik... Baina zein kolore du inkomunikazioak? Zulo ilun eta sakonaren beltza? Zaplaztekoak utzitako arrastoaren gorrixka? Ubelduaren morea? Mehatxuaren askotariko tonua? Beldurraren eta minaren zuri zurbila?
Inpunitateak ez, ez du kolorerik. Gardena da, ikusezina. Eta hor seguru sentitzen dira, itzalpean. Inork, behingoagatik, kasernetako gela ilunetara begira argia jartzen duen arte, bederen. Eta hamarkada luzetan aski ongi frogatuta geratu denez, Euskal Herritik jarri beharko dugu foku hori, espainolek ospel mantendu nahi baitituzte zoko horiek.
Elkartasunarentzat kolore bat hautatzea zail egiten zait. Beroa behar du, noski, baina ez dut gorri irudikatzen; ezta laranja ere. Egunotan kalean ikusi eta entzun dudanagatik, askotarik duela esango nuke. Badu itxaropenaren berdetik puska handi bat, eta musuen gorritik, besarkaden laranja goxotik, begiraden zuri-urdin-marroi-orlegi-grisetik, animo hitz eta keinuen kolore lausotik... beste mordoxka bat.
Eta badu, batik bat, duela ordu batzuk bortxaz eraman zituztenak berriz ere etxean, herrian, ikusteko desio bizienetik.