Xabier Elias «Baserri Bizia» aldizkariko erredaktorea
Abeltzaintza iraunkorrarekiko begirune eza
Mikel Susperregik GARAn idatzitako «Hanburgesa artifizialak jateko garaia» artikuluan munduko behiek oro har, eragiten duten karbono aztarna izugarriaz, metano emisioez eta negutegi efektuaz dihardu. Datu horiek ematerakoan ez ditu kontuan hartzen egungo nekazaritzan horretarako erabiltzen diren ekoizpen ereduak. Eta alde horretatik, abeltzaintza iraunkorra badenik ere ukatzen du, gure inguruko landa inguru eta mendietan larreak zaindu eta mantentzen dituen abeltzaintza, ingurua ederra izan dadin bere ahalegina egiten duena, lana sortu eta ekonomia lokala iraunarazten duena landa inguruetan, besteak beste. Eta guk, badakigu jakin, ekoizpen eredu intentsiboak, behien etengabeko etekina baizik bilatzen ez duenak lurra kaltetzen duela, eta ura, eta airea bera ere bai. Baina badira munduan, Euskal Herrian bezala, bestelako ekoizpen eredu jasangarriagoak ere.
Baina nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorra ez ezagutzeak sortutako gogoeta hori astakeriatzat jo badugu ere, hanburgesa artifizial eta sintetikoen proposamenaren argudioa ere ez zaigu oso bidezkoa iruditzen. Hori ekoitzi behar duen industria kimikoak ez du kutsatzen, ala? Guk gure etxeetan jan dezakegun behi edo txahal haragia baino gozoagoa izan daiteke horrelako ekoizpen sintetiko bat? Gure etxaldeetan hazten ditugun behi eta txahalek ez diote kalterik egiten ingurugiroari, modu iraunkorrean, transgenikorik gabe, bertako ekoizpenekin hazten ahalegintzen baikara.
Orain arte ere, agronegozioen diktadura bat jasan izan dugu, gehiago eta txarrago ekoiztera behartu gura izan dituzte nekazari eta baserritarrak, hemen eta munduan, eta orain agronegozio sintetikoaren alde egin behar omen dugu, planetaren izenean, zientziaren bedeinkazioarekin.
Irtenbidea ezingo da plastikozkoa izan, lurrari lotutako abeltzaintza eta nekazaritza baizik, eredu iraunkor eta herrikoiarekin garatua, ingurugiroarekiko begiruneduna, bertoko biztanleria elikatzeaz gain, negutegi efektuaren kontrako tresna bilakatuko dena, planeta bera hoztuz.
«Baserri Bizia» aldizkarian, Jesus Garzon elkarrizketatu genuenean hauxe adierazi zigun: pastoreo estentsiboak, karbono atmosferiko zurrupaketa etengabea sortzen du, erosioa gutxituz, ura kontserbatuz, eta mikrobioen langintza erraztuz, besteak beste, eta horrela lurraren egitura egonkortu eta hobetu eta emankorragoa eginez.
Gure landa eta lurzoruen erabilera egokiak zuhaiztiak areagotzen ditu, eta nekazaritza praktika hobeak eta zuzenagoak ahalbidetzen dituenez, erregai fosilen emisio globalak %10etik 20ra bitartekoak izan daitezke; horrela bada, era honetako laborantza eta abeltzaintza garapen iraunkorrerako alternatiba bilaka daiteke, eta datozen hamarkadetan aldaketa klimatikoari aurre egiteko moduan.
Modu berean, nazioartean, mundu mailako nekazariak biltzen dituen Via Campesinak ere, aspaldi esana du (2009ko neguan) ekoizle txikiek eta nekazaritza iraunkorrak planeta hoztu dezakeela.