GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Tomas Agirre Irazoki | Beasain

Eliza, euskara eta barkamena

Inkisiziotik hasi, Goma kardinaletik pasa eta Franco palio azpian eramaten zuen elizari buruz ere hitz egin beharko dugu egunen batean

Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren parrokiak, Jose Maria Setien Jauna, Gipuzkoako apezpiku ohia gonbidatu zuen otsailaren 15ean, 19:00etan, Udaletxeko areto nagusian. Setienek, 'Bakeratze bidetik berradiskidetzera' izeneko hitzaldia egin zigun. Horretarako, hitzaldia aurkeztu zuen Patxi Meabe jaunak, euskaraz eta gazteleraz bere aldeko aipamenak egin zituen. Ondo. Eta honen ondoren, Setien Jaunak berak ere, bi hizkuntzatan eskertu zion aurkezpena. Hori ere ondo.

Honen ondoren, ordea, aipaturiko «Baketze bidetik berradiskidetzera» gaiari buruzko iritziak, luze eta zabal eman zituen Setien Jaunak, baina «erdara batuan» soil-soilik. Horixe adierazi nion Setien jaunari bukaeran; Beasain, Euskal Herriko bihotzean egonik, ez dut uste inondik ere justifikaziorik edo aitzakiarik egon litekeenik, 2012ko otsailaren 15ean, gutxienez, bi hizkuntzatan esan beharrekoa esateko. Hizlariak ez ezik, entzule gehien-gehienak euskaldunak ginen gainera. Hitzaldirako eman zizkioten apunteak, erdara hutsean zeudela esanaz justifikatu zuen Setien jaunak bere burua. Ez dut uste inondik inora ere, Setien apezpikua bezalako batengandik onartzeko moduko argudioa denik. Hain eduki garrantzitsua oinarritzat hartutako hitzaldia, non eta nola aurkeztu, ez da bigarren mailako kontua.

Gure hizkuntzarekiko mespretxuzko jarrera hau ikusi ondoren, honako galderak etorri zitzaizkidan burura: Baketzeari buruz aritzean, zein baketze bide nahi duzue? Gazteleran eta Espainian oinarrituta bakea? Zer da bakea? Espainiarrek inposatutako bakea? Euskara zapalduz egindako bakea? Berradiskidetzea nola egin nahi duzue? Gaztelera jakiteko dugun obligazio konstituzionalean oinarritua? Berradiskidetze garaia omen den honetan, elkarren artean gazteleraz hitz eginez elkar-ulertu eta konpondu behar al gara?

Euskal Herria euskararen herria da, euskarak egiten gaitu euskaldun. Baina horrelako jokaera lotsagarri, deitoragarri eta onartezinarekin, euskara hondamendira doa. Eta euskararekin batera Euskal Herria ere bai. Nolako herria eraiki nahi dugu?

Hitzaldiaren baitan nire kezka adieraztearekin batera, «duela 20 urte baino okerrago al gaudek?» galdetu zidan entzule batek. Udaletxeko batzar aretoa jendez beteta, euskaldunak gehienak, eta hizlaria euskalduna izan eta hitzaldi osoa erdara hutsean egin ondoren, hobeto al gaude ba? Non dago euskal elizaren nortasuna eta hizkuntza kontzientzia?

Barkamenaz ere hitz egin zuen Setien jaunak hitzaldian. Jakina, beti besteek eskatu behar izaten dute barkamena, errazagoa baita errua beti besteei botatzea, norberaren zilborrari begiratzea baino. Azkenaldian, uneoro, ETAri eta bere inguruari bakar-bakarrik exijitzen zaio barkamena eskatu dezaten. Espainiar eta frantziar estatuen aldetik Euskal Herritarrok mendeetan zehar jasan behar izan dugun zapalkuntza politiko, kultural eta linguistikoaren ardura ezkutatuz.

Egunen batean hitz egin beharko dugu, mende guzti hauetan zehar eliza katoliko, apostoliko eta erromanikoak izan duen jarrerari buruz ere. Inkisiziotik hasi, Goma kardinaletik pasa eta Franco palio azpian eramaten zuen elizari buruz ere hitz egin beharko dugu egunen batean. ETAk bakarrik al du barkamena eskatzeko ardura? Ez al dute beste askok, tartean Elizak, espainiar eta frantziar basakeriatan ardura historikorik izan? Inork ez al du kontu horien ardura hartu eta barkamena eskatzeko ardurarik sentitzen bere aldean?

Lehengo eta oraingo frankistak, torturatzaileak, poliziak, españolak, Gernikako eta Durangoko bonbardaketak agindu zituztenak... hainbeste sufrimendu eta heriotz eragin dutenek, ez al dute barkamenik eskatzeko obligaziorik?

Gipuzkoako Elizaren arduradun nagusia den Munilla apezpikuaren hitzak entzunda, ez du ematen ardura hori bere bizkar hartzeko asmorik duenik. Frankisten oinordekoen eta Rouco Varelaren egia bakarraren bidea besterik ez da ikusten.

Sakondu dezagun beraz, gatazkaren arrazoi eta benetako konponbidearen ildoa. Guztiontzat hobea izango den etorkizuna lortze aldera.

Bukatzeko, uste dut hitzaldia erdara hutsez egin izana mahai gainean jarri ondoren, bai hizlariak eta baita antolatzaileek ere, barkamena eskatzeko aukera ederra izan zutela.

Errua onartu eta barkamena eskatzeko hain zuzen ere. Ez niregatik soilik, euskal herritarrok dugun hizkuntza eskubidearen errespetuagatik. Baita Eliza bertatik, urte luzeetan euskararen alde lan izugarria egin duten elizgizon eta emakumeenganako errespetuagatik ere. Ez zuten urrats hori eman. Hausnarketa egin eta erruak onartzea zenbait kostatzen zaigunaren adibide garbia izan zen. Eta Elizari berari ere, behar baino gehiago kosta izan zaio urrats hori ematea. Historian zehar, beti.

Hitzaldian bertan ere esan nizuena errepikatuz bukatuko dut: «gaizki esanak (balego) barkatu baina ongi esanak kontuan hartu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo