GARA > Idatzia > Ekonomia

Udal eta aldundietan euskal negoziazio esparrua babestera deitu du LABek

Udal eta foru erakundeetan zerbitzu publikoak garatzeko, pribatizazioak baztertzeko eta enplegu publikoak sortzeko beharra aldarrikatu zuen atzo LABek. Horretarako, negoziazio kolektiboa desblokeatu eta indar korrelazio egokiaz euskal esparrua defendatzera deitu zuen.

p026_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

Udal eta foru erakundeetako negoziazio kolektiboaren blokeo egoera salatu zuen atzo LABek eta hurrengo hilabeteetan gauzatu beharreko negoziaketei begira bete beharreko ezinbesteko ardatzak aurkeztu zituen. LABeko zerbitzu publikoen federazioko arduradun Arantxi Sarasolak eta udal eta foru arloko arduradun Galder Sierrak nabarmendu zutenez, Madrilek inposaturiko erreformen aurrean, indar korrelazio egoki batekin, «ez dago euskal esparrua geldituko duen dekreturik».

Udalen egoerari buruz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Udalhitz hitzarmenaren indarraldia 2010eko abenduan agortu zela gogorarazi zuen Sierrak. Gainera, 2011ko martxoan negoziazio mahaiak porrot egin ondoren, negoziazio berrirako deialdirik ez dela egin nabarmendu zuen.

Nafarroan ere negoziazio kolektiboaren arloa ezbaian dagoela aipatu zuen, herrialdeko udal nagusietako lan hitzarmenen indarraldia agortua dagoelako. Zentzu horretan, Iruñea eta Burlatako kasuak nabarmendu zituen, 2004tik baitaude hitzarmenik gabe.

Foru erakundeei dagokienez, 2012an hiru aldundietako lan hitzarmenen negoziaketari ekin behar zaie, eta oraingoz, EAJk azaldutako jokaera salatu zuen Sierrak. Izan ere, «sasi-negoziaketa express» baten ostean, «gehien behar dutenentzat zerbitzu publiko gutxiago, langileentzako lan baldintza okerragoak eta interes pribatuetarako diru gehiago» bideratzen duen planteamendua ezarri du.

Blokeo egoera horrek erantzule garbia du, LABen iritziz; Madrilgo Gobernua, hain zuzen ere. Horrela, 2010etik hona PSOEk eta PPk inposatutako dekretuek sektore publikoa galbidean jarri dutela salatu zuen. Horren adierazle gisa aipatu zituen administrazio publikoetan ezarritako murrizketak, soldata izozteak edota baja zein erretiro ordezkapenak kentzea.

Indar korrelazioa

«Egoera larri honen aurrean», bi aldarrikapen nagusi egin zituen LABek. Batetik, negoziazio kolektiboan euskal esparrua blindatuko duen planteamendu bat egitea. Bestetik, helburu hori lortzeko, sektore politiko, instituzional eta sindikalen aldetik indar korrelazioa bultzatu behar dela azpimarratu zuen.

Horrela, negoziazio kolektiboari begira ezinbesteko jotzen dituen sei ardatz aurkeztu zituen LABek. Lehenik eta behin, udal eta aldundietan zerbitzu publikoak garatzeko planak zehaztu behar direla uste du. Ildo horretan, pribatizazioak eta kontrata bidezko zerbitzu publiko berrien kontratazioak gelditzea eman beharreko pausotzat jo zuen. Bide berean, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko beharra aldarrikatu zuen.

Era berean, sektore publikoa garatzeko, enplegu publikoa sortzea ezinbestekoa dela adierazi zuen Galder Sierrak, baita langileen lan baldintzak hobetzearen aldeko dinamikak abiatzea. Gainera, euskararen normalizazioranzko eta genero bazterkeria desagerrarazteko urratsak egiteko konpromisoa agertu zuen.

Xede horiek guztiak lortzeko, arduradun instituzional ezberdinekin batzartu da LAB eta, Sierraren esanetan, oraingoz ez dute euren proposamenaren aldeko erantzunik jaso. Zentzu horretan, ordea, akordioa lortzeko aukerarik badela uste dutela adierazi zuten. Era berean, elkarlanerako deia egin zieten Euskal Herriko indar politiko eta sindikalei.

Langile gastuetan ezarritako murrizketak salatu dituzte

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizen, Lakuako Gobernuaren egoitza aurrean, Funtzio Publikoak langile-gastuak murrizteko aste honetan atera duen jarraibidearen aurka. «Zerbitzu publikoak garatu. Murrizketarik ez» lelopean, Lakuak ezarritako neurrien aurkako jarrera azaldu nahi izan zuten sindikatuek. Gasteizko Gobernuak ateratako jarraibideak murrizketak ezartzen ditu ordezkapen eta lan pilaketetan, eta ondorioz, salbuespen kasuetan soilik egingo dira aldi baterako kontratuak. Bestalde, sindikatuok salatu dutenez, jarraibideak plaza hutsak ez betetzea eta lan zama langileen artean banatzea agintzen du. GARA

sasi-negoziaketa

EAJk Bizkaiko Foru Aldundian izandako jarrera salatu zuen LABek, eta «sasi negoziaketa express» baten bidez zerbitzu publiko kaskarragoak eta langileentzako baldintza okerragoak ezarri dituela gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo