GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Preso gaixoak aske uztea, premia bizikoa

Euskal gizarteak badu preso politikoei ezarritako bizi-baldintzen berri, badaki salbuespen bizi-baldintzak direla. Salbuespen arautegi horrek, gainera, sarritan, atxilotuta dituzten estatuen legeak gainditzen dituzten neurriak biltzen ditu. Egoera ezaguna da, baina bizi duenak baino ez ditu ezagutzen haren ondorioak beren osoan, beren gordinean. Egoera horrek, ordea, okerrera egin dezake, muturrekoa izateraino, gaixotasun bat dela bitarte, gehienetan salbuespen egoera horrek eta kartzela urte luzeek eragin edo larriagotutako gaixotasuna jasaten dutenean. Hain zuzen, muturreko egoeran bizi dira hainbat euskal preso politiko, eta jasaten dituzten gaitz larriak estatuetako gobernuek xantaia politikoa egiteko tresna gisa erabiltzen dituzte, oinarrizko logika demokratikoan eta gizaldeko jokabidearen arabera onartezina dena. Herrira mugimenduak preso gaixo horiek askatzeko eskatu zuen atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetako ospitaleen aurrean eta, besteak beste, Txus Martinen egoera nabarmendu zuen, une honetan kasurik kezkagarriena baita, kartzelan ematen duen egun bakoitzak, minutu bakoitzak, haren osasunerako arriskua emendatu egiten baitu. Preso gaixoak etxeratzea premia bizikoa da, atzeratu ezin daitekeen beharrizana, komenentzia politikoaz harago. Eta legezkoa ez ezik, oinarri-oinarrizko eskubidea errespetatzea ere bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo