Berezkoak Buruz Buruko finala
Patrick Ozafrainek Agusti Waltari mendean hartu nahi badu, errestoan huts bakar bat ere ezin du egin
J.L.
Dena prest dago Berezkoen Buruz Buruko finalerako. Baionan, Modernen, jokatuko da, eta jaialdia 17.00etan hasiko da. Finala arratsaldeko bigarren partida izango da, eta 18.00ak ongi pasata izango dira hasterako.
Agusti Waltari eta Patrick Ozafrain dira finala jokatuko duten bi pilotariak eta faboritoa Kubakoa izango da. Ikusteko dago norbaitek dirurik jokatuko duen, ez baita inor asko ausartuko Patrick Ozafrainen alde jokatzen.
Partida ongi hasten baldin badu, eta amerikarra estutzen hasten baldin bada, norbaitek egin lezake bere alde, baina bitartean zaila izango da, eta are gutxiago, Agusti Waltarik orain arteko bi partidetan lortu dituen aldeak ikusita.
Patrick Ozafrain bera ere nahikoa etsita ageri zen astelehenean egin zuten material aukeraketan. Badaki amerikarra menderatzea ia ezinezkoa dela. Horretarako, garbi dauka dena ongi egin beharko duela, eta besteak, berriz, dena gaizki. Hala ere, partidako gakoa sakea izango da. Waltarik sekulako abiadura ematen dio pilotari eta errestoan pilota onera itzulita ere, gero aukeran uzten zaio amerikarrari, eta aurkariak oso aukera gutxi izaten ditu.
Kubakoak badaki nola min egin, eta otartxoan zeuden pilotarik bizienak bereizi zituen astelehenean, saketik ahalik eta minik handiena egiteko, horiek komeni baitzaizkio.
Ozafrainek, berriz, alderantzizkoa egin zuen. Zeuden motelenak aukeratu zituen, berari biziak ez baitzaizkio batere komeni. Badaki txapela lortzeko aukeraren bat izatekotan, errestoan pilota ongi itzuli eta txapeldunari aukerarik ez ematea izango dela. Hori lortu ezean, txapelak berriro ere Kubarako bidea hartuko du.
Binakakoa
Finalaren aurretik, Binakako Txapelketarako sailkatze kanporaketa jokatuko da. Agirre eta Bonebeltxe Intxausperen eta Lazkanoren aurka neurtuko dira. Bi atzelariek dute eskarmenturik handiena, eta gaurkoan horiek agindu beharko lukete bi aurrelari gazteen aurrean.