GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Biokutxaren inagurazioa

Birsorkuntza medikuntzaren ikerketarako jaio da Biokutxa

Donostiako hirigintza tradizionalaren ikur diren Arbide Dorreen azpialdean jaio da Biokutxa zentroa. Inbiomed Fundazioko ikertzaileak daude bertan birsorkuntza medikuntza arloko lanetan, eta nazioartean erreferente bihurtzea da orain ikertzaileon erronka nagusia.

p018_f01.jpg

Ana ABARIZKETA

Zuri eta urdin kolorekoak dira Biokutxaren eraikineko gela, korridore eta laborategietako paretak, zelula amekin lan egiten den ikerketa zentro honetan beharrezko duten sosegua eta kontzentrazioa laguntzeko. Irabazi asmorik gabeko Inbiomed Fundazioko ikertzaileentzat egun handia izan zen atzokoa, Gurutz Linazasoro presidenteak azaldu zuenez, Biokutxa eraikinak «asko janzten» duelako euren lana, izatez «enblematikoa» ere badelako. Ez zuen zalantzarik izan eraikinak fundazioari onura handia ekarriko diola ondorioztatzean.

Biokutxa eraikinak 3.000 metro karratu inguruko azalera du. Miramongo Arbide Dorreen azpialdean kokatuta dago; hiriko erdigunetik harriz harri lekualdatu zuten 80ko hamarkadaren atarian. Atzo jakinarazi zuten Kutxaren Gizarte Ekintzak 7,9 milioi euroko inbertsioa egin duela Biokutxa eraiki ahal izateko. Irabazi asmorik gabeko zentroari dagokionez, Kutxak ematen dio nagusiki diru laguntza, beste programa batzuek ere diruz hornitzen duten arren.

Inbiomedeko ikertzaileen zeregina birsorkuntza medikuntzaren esparruan minbizia, parkinsona eta bihotzekoak pairatu dituzten pazienteei tratamendua ematea da. Horretarako hiru ikerketa ildo nagusi dituzte: odoleko zelula amak, zelula ama neurologikoak eta minbiziaren zelula amak. Bi solairutan banatuta, laborategi bana dute ikertzaileek. Sotoan berriz, plataforma teknologikoak dituzte; zelulak manipulatu edo birusak biltegiratzen dituzte segurtasun handiko neurriak erabiliz.

Fundazioko kideek diote Biokutxa zentroak ikertzaile berriak izateak nazioartean erreferente bihurtzeko aukerak ekarriko dizkietela, eta horixe da, hain zuzen ere, Inbiomeden helburua, 2015. urterako 100 ikertzaile inguru izatea, Biokutxan erreferente internazional bilakatzeko. Une honetan 40 bat daude buru-belarri lanean, eta aurkezpen ofiziala atzo izan bazen ere, urtebete inguru daramate bertan.

Ikusmin handia

Behin eraikinaren sekretuak deskubrituta, hasi zen ikusmin handiko aurkezpen ekitaldia. Kutxako presidente Xabier Iturbe eta kontseilari mordoxka batu ziren. Iturbek Kutxaren Gizarte Ekintza goraipatu zuen.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarolak ere hartu zuten parte ekitaldian. Bere hitzaldian Gizarte Ekintzan jarri zuen enfasia Garitanok, eta Kutxak gisa honetako ekintzak eginez gero Gipuzkoako Aldundiaren eskuak zabalik izango dituztela esan zuen. Horrekin batera, Biokutxak Gipuzkoaren beharrei erantzuten diela esan zuen eta «itxaropenaren zentroa» dela.

Cristina Garmendia Inbiomeden presidente ohi eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntza ministro ohia ere gonbidatuen artean zegoen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo