GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hernaniko talde feministek jarrera sexistak ekiditeko kanpaina abiatu dute

p016_f02.jpg

Jon ADAN | HERNANI

Sagardotegi garaia dela-eta, Hernaniko talde feministek, (Kafeta Feministak eta Txoko Feministak) Euskal Herriko Bilgune Feministaren laguntzarekin, «Sagardotegi denboraldian ere, Hernanin, babosoei, txartel gorria» lelopean, parranda giroan jarrera sexistak ekiditeko kanpaina aurkeztu zuten.

Izan ere, urte sasoi honetan Hernani Euskal Herriko hamaika txokotatik etorritako lagunen topagune bihurtzen da, sagardotegi denboraldiak ondo pasatzeko aukeraz gain, sagardotegi eta tabernetako giroa lagun, ligatzeko parada ere eskaintzen baitu.

Azken horren harira, zera salatu zuten herriko talde feministek: «Tamalez, halakoetan, alkohola aitzakiatzat hartuta, matxismoan oinarria duten eta emakumeek pairatzen dituzten hainbat gehiegikeria gertatzen dira, baimenik gabeko ukitzeak, espazio inbasioak edota `txapa' sartzeak; alegia, gertatu beharko ez liratekeen erasoak gertatzen dira».

Hartu beharreko neurriak

Hartara, eta horrelako erasoak ekiditeko, aholku batzuk eman zituzten: lehena, norberak izan ditzakeen iritzi eta jarrera sexistak detektatu eta horiek eraldatzea. «Mozkorraldiak ez baititu horiek sortzen, horiek errazago agertzea besterik ez du eragiten», azaldu zuten.

Bestalde, horrelako jarreren aurrean, adi egoteko, erasotakoari babesa eskaintzeko eta eskatzen badu, laguntza emateko aholkatu dute, eta horrelako erasorik pairatuz gero, erantzun bat ematea, ingurukoei kontatzea, planto egitea eta defendatzea; alegia, ezetz esaten jakitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo