GARA > Idatzia > Mundua

Tuaregen eta Armadaren arteko borroken ondorioz, 126.400 iheslari maliar daude

GARA | BAMAKO

Tuareg gerrillarien eta militarren arteko istiluen ondorioz 126.400 kanpo eta barne iheslari maliar daudela salatu zuen atzo Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) Genevan egindako prentsaurrekoan. Hori dela-eta, segurtasun krisiari aurre egin ahal izateko, 35 milioi dolar (26 milioi euro) bideratzeko deia egin zion nazioarteko komunitateari.

Urtarrilaren 17an hasi ziren liskarrak direla-eta, 126.400 maliarrek beren etxea utzi eta beste hiriburu edo herrialde batzuetan babestu behar izan dute. Borroken horien ondorioz 2009. urtean sinatutako bake akordioa bertan behera geratu da.

Oraingoz, iheslari gehienak Nigerren daude -28.858-. Beste hainbat, Mauritaniara -22.958- eta Burkina Fasora -17.499- joan dira. Atzerrira ihes egin dutenez gain, 61.400 pertsonak bizitokia utzi eta Maliko beste herri edo hiriburu batzuetara joan dira, euren bizitza babesteko asmoz. Egunetik egunera iheslari kopurua gora egiten ari da.

Bestalde, Elisabeth Byrs, Arazo Zibilen Koordinaziorako Bulegoko bozeramaileak, iheslari maliarrek goseteari, lehorteari eta gune ezegonkorrei aurre egin behar izan dietela adierazi zuen.

Laguntzaren antolamenduari dagokionez, «egoera oso kezkagarria» dela azaldu zuen Byrsek, iheslariak dauden guneak «oso zabalak» direlako eta, ziur asko, laguntza materialen banaketan hegazkinak erabili beharko direla agertu zuen.

Iheslari gehienak tuareg etniakoak dira, Songhai, Moor eta Fulani etniakoak ere badiren arren.

Nazio Batuen Erakundeak egoera ebaluatzeko misioak prestatzen ari dela ziurtatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo