Sokatira Goma Gaineko Munduko Txapelketa
Ibarrak eta Badaiotzek urrezko domina lortu dute
Euskal ordezkariek bederatzi domina lortu dituzte kluben lehiaketan.
Jon LEUNDA
Amaiurrentzat izan ezik, gainerako taldeentzat amaitu da Munduko Txapelketa. Ezpeletakoak gaur eta bihar selekzio gisa arituko dira Frantzia ordezkatuz. Gaur 560koan arituko dira, eta bihar, berriz, 600ekoan tiratzeko asmoa agertu dute.
Atzo bost domina lortu zituzten euskal ordezkariek, eta etxera bederatzirekin etorriko dira. Atzo, Badaiotzek nesketan eta Ibarrak mistoan urrea lortu zuten; Abadiño-Badaiotzek mistoan eta Abadiñok mutiletan, zilarra; eta Amaiur-Sakanak, mistoan, brontzezkoa.
Emakumezkoetan etorri zen urrezko lehen domina, eta Badaiotzek lortu zuen 500 kilokoan. Txina Taipeirekin kezka bazuten, herenegun finala beraien aurka galdu baitzuten, eta atzo ere elkarren aurka lehiatu ziren urrearen bila. Neurketa oso estua izan zen, baina hirugarren tiraldia arabarrek irabazi zuten, eta horrek urrezko domina janzteko aukera eman zieten.
Horren ondotik, Abadiñok lortu zuen brontzezko domina. Orain bi urteko lana ezin izan dute aurtengoan ondu, baina egindakoa bikaina izan da. 600 kilokoan lehiatu ziren, eta brontzezko dominaren lehian Pats talde irlandarra menderatu zuten. Kilroek, Ingalaterrakoak, lortu zuen urrezko domina.
Mistoan euskaldunek osatu zuten podiuma. Urrea Ibarrak lortu zuen, finalean Abadiño-Badaiotzi irabazita. Hirugarren posturako lehian, Amaiur-Sakanak Txina Taipeiri irabazi egin zion. Ikusgarriena, dudarik gabe, Abadiño-Badai0tzek eta Amaiur-Sakanak jokatu zuten finalerdia izan zen. Sekulako tiraldiak jokatu zituzten, baina amaieran bizkaitarrek eraman zuten garaipena. Euskal taldeek urrezko bi domina, zilarrezko hiru, eta brontzeko lau lortu dituzte Munduko Txapelketan.