GARA > Idatzia > Kultura

Lakuaren itzultzaile automatikoaren kostua eta emaitza txarrak salatu dituzte

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak asteartean aurkeztutako gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa erreminta traketsa eta garestiegia dela salatu zuten atzo itzultzaileek. 500.000 euro kostatu den tresna honen erabiltzaileek atzemandako akatsek sare sozialetan izandako oihartzunak erantzun bat ematera behartu zuen Lourdes Auzmendi sailburuordea: «Ez da existitzen akatsik egiten ez duen itzultzaile automatiko bakar bat ere».

p048_f01_149x96.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Eskasa, traketsa eta oso garestia dela batetik; tresna erabilgarria eta oso lagungarria dela bestetik. Lakuako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztutako gaztelania-euskara itzultzaileak (www.itzultzailea.euskadi.net) zeresan ugari eman zuen atzo, sare-sozialetan bereziki. Kritikei erantzunez, Bruselara joanda zegoen Lourdes Auzmendi sailburuordeak itzultzailearen «emaitza onak» defenditu zituen eta egiten dituen «akatsak» erreminta «automatikoa delako» -«eta ez giza-itzultzailea»- egiten dituela eman zuen argudio gisa.

Itzultzaileei galdetuta, ordea, oso bestelako iritzia adierazi zioten GARAri. Iker Zalduaren ustetan, «nahiko eskasa» da tresna hau, «kanpora joateko poltsikoko hiztegi baten modukoa», azaldu zuen. «Gauza asko ditu lantzeko. Terminologia aldetik, sinonimoetan eta horrelakoetan, nahi duen bezala funtzionatzen du; sintaxi aldetik ere bai, aditzak nahi duen tokian jartzen ditu...».

11itzulpen enpresako Aritz Brantonen iritziz ere «tresna oso traketsa da. Sintaxia ez du ondo egiten, hiztegia ere ez...». Auzmendik aipatutako akats horiek baino harago doala adierazi zuen Brantonek: «Tresna honekin ezin dugu ezer egin. Ez da batere fidagarria», eta beste zenbait hizkuntzarekin erabiltzen diren tresnekin alderatu zuen. «Google Translate, adibidez, nahiko erabilgarria da. Beti zuzendu behar da hor ateratzen dena, baina kasu honetan, tresna honekin ez dago hori egiterik. Etengabe egiten ditu akatsak, ez da bat edo beste».

2008an proiektua abian jarri zenetik orain arte 553.432 euro inbertitu direla azaldu zuen Lakuak. «Gaur egungo egoeran halako dirutza erabiltzea horrelako emaitza txarra lortzeko, ez dugu ulertzen, lotsagarria iruditzen zaigu», erantsi zuen Brantonek.

Zalduaren ustez, «gero eta tresna gehiago daude, baina itzultzaileak benetan baliagarriak izan daitezen itzulpen-memoriak bezalako tresnak landu behar dira».

«EZ DA FIDAGARRIA»

Itzultzaileen esanetan, bestelako tresna automatikoek akatsak egiten dituzte, baina fidagarriagoak dira. Honekin ezin da jakin, «etengabe egiten ditu».

«Hirugarren landarea» edo «Autobusak, bihar eta berandu»

Klasikoak bihurtu diren esamoldeak dira «tercera planta» esateko «hirugarren landarea» edo «autobuses, mañana y tarde» esateko «autobusak, bihar eta berandu». Lakuaren itzultzaileak ez ditu, ordea, akats horiek zuzendu. Google Translate erabiliz gero, itzulpen egokia lortuko dugu, hala ere. Honelako adibide ugari zabaldu ziren atzo Facebooken edo, #itzul etiketa erabiliz, Twitter sare sozialean: «Vete a la mierda: kakari ikus zakizkio», «Gracias: graziak», «Hace buen tiempo: duela denbora on», «Necesito una cazadora de niña: bat behar dut zamarra neskako», «Gracias por enviarme el enlace al traductor: Ezkontza niri itzultzaileari bidaltzeko graziak». A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo