GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Beti bigarren planoan geratzen gara, beste interesen menpe»

p022_f01.jpg

Xabier Arberas eta Lorea Arrieta
Donostiako Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko ordezkariak

Donostiako Parte Zaharra ez da soilik jendea dabilen leku bat; jendea bizi den lekua ere bada. Hain zuzen, bertako biztanleen eskubideak defendatzeko jaio zen orain dela hilabete inguru Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea. Poliki-poliki hasi dira bidea egiten, dauden hutsuneak betetzen joateko asmoz. Xabier Arberas eta Lorea Arrieta dira elkarte honetako ordezkarietako bi.

Imanol INTZIARTE | DONOSTIA

San Telmoko kafetegian jarri dugu Xabier Arberasekin hitzordua, baina itxita aurkitu dugu eta beste leku baten bila abiatu gara. San Vicente elizaren parean argazkiak egin, eta Narrika kalea zeharkatuz, Bulebarrerantz. Ohartu gabe Parte Zaharreko «tour turistiko» edo antzekoren bat osatu dugu. Bidean Lorea Arrieta agertu zaigu. Argazkilaria joan da dagoeneko. Ez du axola. Hiru kafe eskatu eta solasaldia martxan jarri. Onena hasieratik hastea denez, aurrenik elkartearen sorrera izan dugu hizpide.

«Aspalditik zebilen jende mordoa bere kabuz Alde Zaharraren alde lanean. Baina Udal Gobernu berria osatu zenetik elementu berri bat sortu zen, hain zuzen, udazken aldera hasi ziren auzoz auzoko batzarrak. Berrogei-hirurogei pertsona elkartu ginen bi batzarretan», gogora ekarri du Arberasek.

«Bigarren bileraren ostean pote bat hartzen gelditu ginen. Orduan otu zitzaigun hura guztia aprobetxatu beharra zegoela, bertan zegoen indarra eta gogoa. `Arazoak egon badaude eta inork ez du gure alde lan egingo gu ez bagara martxan jartzen'», gaineratu du Lorea Arrietak.

Esan eta egin. Bilera gehiago, proposamenak jaso, paperak bete... eta otsailaren 8an jaio zen elkartea. «Konturatu ginen tresna integral bat behar genuela, orokorrean dena kudeatzeko».

Auzo guztiek bezala, Donostiako Parte Zaharrak ere arazoak ditu. Auzoak nortasuna galtzeko arriskua aipatu du Arberasek. «Etxebizitza garestitze prozesuarekin, auzoko seme-alabak behartuta daude auzotik kanpora joatera, gurasoen etxetik atera nahi badute. Bestalde, turismoarekin, despertsonalizatze dinamika bat sortzen da». Puntu honetan, «auzokoak bertakoak izatearen sentimenduak lotzen gaitu», nabarmendu du Arrietak. «Egia da, bestalde, oso heterogeneoa dela, zentzu guztietan», gehitu du.

Gabezien zerrenda luzea da, eta adindun jendearen egoeratik hasi da zenbatzen Arberas: «Ez zaie irtenbide bat bilatzen. Adibidez, Eguneko Zentroa Fermin Calbeton kaleko soto batean dago, eta ez zaigu egokia iruditzen». Eguneko Zentrora iristeko eskailerak jaitsi behar dituzte, eta etxera bueltatzeko eskailerak igo; izan ere, etxe askok ez dute igogailurik.

Mutur batetik bestera. Txikiek zail daukate jolasteko eremu bat aurkitzea. «San Telmoko plazan lanek lau urte iraun dute, lau urte jolasteko plazarik gabe. Konstituzio plaza beste bat da, baina eguraldi onarekin terrazak zabaltzen dira, eta akabo», kexatu da Arrieta.

Ikastolan ere leku falta nabaria da. «Orixe txiki geratu da, eta bi urte darama bertako ume guztiak hartu ezinik. Jangelarekin arazoa areagotu egiten da; txandaka ibili behar dira», azaldu du.

Frontoiari txapela jarri

Kirola egitea ia ezinezkoa da, are gehiago eguraldi txarra egiten duenean. «Trinitate plaza kenduta, ez dago ezer. Kiroldegirik hurbilekoena Zuhaizti da, Gros auzoan. Gure eskaera nagusia frontoiari txapela jartzea da, estaltzea alegia. Bestela, euria egiten duenean, etxera. Hori da irtenbide bakarra», dio Arberasek.

Gazteei dagokienez, bere jarduerak garatzeko espaziorik ez dutela iritzi dio. «Hor daukagu `Uxotegi auzia' -dio-. Ez dut polemika sortu nahi, baina oso esanguratsua da gazteen egoera zein den ulertzeko».

Biek ala biek badakite auzoak «muga fisikoak» dituela, eta ezin dela «mimetikoki» beste auzoetan egin dena egin, baina «egiten diren ekimen gehienak ez daude antolatuta auzoari begira, kanpora begira baizik».

Horregatik eskatzen dute «zentro zibiko bat, guk autogestionatutakoa. Uste dugu egokiena dela umeentzat, gazteentzat, adineko jendearentzat. Hamaika gauza egin litezke bertan». Hori lortu bitartean ez dira ilargiari begira egongo. Horregatik, kultur ziklo bat antolatzea da esku artean duten proiektuetako bat.

Azken txanpan, korapilatsuak diren bi gai mahai gaineratu dira: ostalaritzaren ondorioak (zarata, terrazak...) eta trafikoa. Hain zuzen, zarata arloan lan egiten zuen Ixo elkartea auzo elkartean txertatu da orain.

Ordaindu, plazan esertzeko

«Guk bizikidetza nahi dugu, eta hor marrazten dugu marra gorria. Auzo honetan pertsonek duten lekua aldarrikatu nahi dugu. Badakit hipoteka batzuk ditugula, ez garela zerotik hasten, baina eremu publikoa pixkanaka-pixkanaka pribatizatzen ari dira, eta hori ezinezkoa da», salatu du. «Konsti-an esertzeko ordaindu egin behar dugu, ez baitago eserleku publikorik», dio Arrietak adibide moduan.

Trafikoari dagokionez, «arriskua» da erabiltzen duten hitza. «Goizetan izututa ibili behar zara, ez baitakizu furgoneta nondik etor daitekeen», salatu dute. Hain zuzen, Arrietak dio, orain dela gutxi, atariko atea irekitzean, hain justu, une horretan, furgoneta bat igaro zitzaiola «aurpegitik hamar zentimetrora».

Maiatzetik aurrera aldaketak egongo dira esparru honetan, Udalak aginduta, baina ez dute uste arazoa konponduko denik. «Ez dugu ulertzen banaketa zergatik ez duten Bulebarretik edo kaitik bakarrik egiten. Erantzun digute kaia Jaurlaritzarena dela; beraz negoziatzeko eskatzen diegu». Motorren eremuen gehikuntza beste kezka bat da. «Zergatik ez dira Pasealeku Berrira joaten? Gu beti bigarren planoan geratzen gara, beste interesen menpe», salatu dute.

Kritika ez da Udal Gobernuarentzat soilik. «PSEk ez al du bizikleta eta garraio publikoa aldarrikatzen? Azkenean, ordenantza honen aurka, `behartzen nautela aparkalekua ordaintzen' al da bere argudio bakarra? Berriro, auzotarren ikuspuntua bigarren mailan», esanez amaitu dituzte azalpenak.

 

JOLASTU

«San Telmoko plazako lanek lau urte iraun dute; lau urte jolasteko plazarik gabe. Eta Konstituzio plazan terrazak zabaltzen hasten dira, eta akabo»

TRAFIKOA

«Aurreko batean, atariko atea ireki, eta momentu horretan furgoneta bat igaro zen nire aurpegitik hamar zentimetrora»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo