Maider Carrere Souto Gazte Abertzaleetako idazkari nagusia
Ongi etorri, Iko!
Hitz batzuk zor dizkizut Iko, orain aske utzi zaituztenean. Hitz gutxi batzuk, baina emozioz beterik, jakin dudanean ordu gutxi barru aske utziko zintuztela pozez eta irriz bete dira une horretako segundoak. Urte eta erdi ibili gara zenbait eskutitzen bitartez komunikatzen eta jakiten nola Euskal Herria aurrera zihoan, bere bidean, utzi zenueneko momentu horretatik hartu zuen abiadura berarekin. Azkar. Baina azkar joan da denbora ere, Bruselako bidaian bizi genituen komedien istorioak atzean gelditu dira. Zu zahartzen saiatu dira, eta ez dute lortu, niretzat bizi-bizirik jarraitzen baitu une korapilatsu horietan ezagutu nuen pertsonak.
Aurkitzen garenean nire poza ezin izango dudala lotu sumatzen dut; orain bezala. Baina tristurak ere beteko du nire bihotza, momentu honetan gertatzen ari zaidan moduan. Twitterren azaldu dut nire poza, baina ezin ekidin hurrengo eskaera «Momentuko poza eta barneko tristura. EH gazteek horrelako zama beraien bizkarrean eramatea justua da? Konponbidean kontuan hartzekoa». Gertatutako egoeren estigmatizazioaz ari naiz. Jazarritako gazteak, atxilotutakoak, torturak jasan dituztenak... ezin ihes egin errealitate gordin horri, zeinean beraiek nahi zituzten testigantzak lapurtu bezala, zuen urteak ere hartu dituzten. Eta horretan ere, askotan errepikatzen dut, konponbidean biktimen artean zuek ere bai baitzaudete; ezer egin gabe, sasi-justizia baten menpe, atxilotuak. Kolpatuak. Irainduak. Euskal Herrian abian den prozesu honetan, zuei egindakoari ere erantzuna eman beharko zaio. Euskal gazteriaren zati bat gerra-opariak izan dira Estatuarentzat, eta oraindik jarraitzen dute izaten. Baina noiz arte?
Duela gutxi berriz ere atxiloketa gehiago egon dira, eta berriz ere gazteak. Noiz arte?
Tira Iko, gaur ez da eguna ere gauza negargarriez aritzeko. Zoriontsu izan gaitezen segundo batez gurean zaitugulako. Bere garaian eta hortik aurrera birritan errepikatu dizudan bezala eskutitzetan oztopoak oztopo «beti aurrera!» egin behar baitugu. Ez dugu besterik, gazteak gara eta indarra dugu, eta atzera ezin garenez joan, aitzina jarraituko dugu. Hori bai, espetxeetan gatibu dauden gazte horiei gure indarra eta lana eskaintzen jarraituko dugu, urteak jorratzen daramatzagun bide honetan laster elkartuko garen ziurtasunarekin.
Eta azken notatxoa: Txibi! Zu ere gure artean laster egongo zara, fijo! Aupa gazteak!